Energia %100 berriztagarriz hornitzen da auto elektriko berria
Udaltzaingoak auto elektrikoa du urtarriletik. Auto berria %100 jasangarria den energia elektrikoz hornitzen da. Energiaren jatorria azaltzeko eta bere erabilera ezagutzera emateko aurkezpena egin dute Legazpiko Udalak eta Ibil ibilgailu elektrikoen hornidurarako enpresa kudeatzaileak gaur goizean.
Alvaro Garcia Ibil enpresako ordezkari komertzialak autoak hornitzeko beharrezkoa duen energiaz hitz egin du. Aipatu duenez, «erabiltzen duen energia elektrikoa %100 jasangarria da, minihidraulika eta fotovoltaikoetatik eratorritakoa». Legazpin erabiltzen duten energiaren «zati handi bat» gainera, Gipuzkoan bertan sortua da, nahiz eta «lurraldeko beste leku batzuetatik ere» etorritakoa izan daitekeen. Autoa kargatzeko sistema «oso sinplea» dela azaldu du Garciak. Udaltzainen biltokian energia gordetzeko terminal bat dago.
Terminalen sare publikoa
Terminal honek kable bidezko lotura duen konektore bat du, autoari entxufatzen zaion konektorea, alegia. Bi modu daude autoa berriz kargatzeko «uneko karga edo karga programatua». Legazpin, egunero erabiltzen den karga mota programatutakoa da, «goizeko ordu batean jartzen da martxan, une honetan energia merkeago dagoelako».
Kargaren denbora «kotxearen bateriak une horretan behar duen energia kopuruaren araberakoa» izango da. Dena den, gisa honetako ibilgailu baten bateria osorik kargatzeak «sei edo zazpi ordu eramaten ditu, eta kostua guztira ez da bi eurora iristen», zehaztu du Garciak. Udaltzaingoen biltegiko terminalak erabiltzaileak identifikatzeko sistema bat dauka «txartel bitartez dabilena». Txartel hori ez duen inork ezingo du terminal horretatik energia hartu.