Abiadura handia, zalantza handiak
http://youtu.be/POcWe4r5jbI Abiadura handiko trena Euskal Herrian inoiz egin den garraio azpiegitura handiena da eta Goierri alderik alde zeharkatuko du. Halakoetan beti gertatu ohi den bezala, aldeko eta aurkako iritziak daude. Batzuen ustez, premiazkoa da eta aberastasuna ekarriko du. Besteen iritziz, berriz, ez da beharrezkoa eta dirua xahutzeko besterik ez du balioko. Krisia dela eta, trena ez dutela martxan jarriko uste duenik ere bada.
AHTak Euskal Autonomia Erkidegoko hiru hiriburuak elkartuko ditu, eta hiru lurraldeetako orografia dela eta, trenbidearen %60 baino gehiago lur azpitik joango da. Guztira, 80 tunel eta 71 biaduktu egingo dituzte. Azken hauek trazatuaren ia %10 hartuko dute. Hala, trenbidearen %29 bakarrik joango da lur gainetik.
Aipatzekoa da Argisaoko tunela, Zumarraga eta Urretxu azpitik pasako dena, bigarren luzeena dela. 2011ko udaberrian hasi ziren eraikitzen eta eta 5.455 metroko luzera du. Ezkio-Itsaso eta Antzuola lotuko ditu. Zumarraga azpitik 110 metrora pasako da eta zati batean lur azpitik 220 metrora egongo da. AHTaren tunel luzeena ere gertu egongo da: Arrasaten (Gipuzkoa). 6.900 metroko luzera edukiko du eta Udalaitz azpitik pasako da.
Geltokiei dagokienez, sei egingo dituzte: Bilbon (Abando), Gasteizen (Arriaga parkea), Donostian (Atotxa), Astigarragan, Irunen eta Ezkio-Itsason. Azken hau bidaiarientzako bakarrik izango da. Amabirjinaren aterpetik gertu egongo da eta egun Ezkioko bidegurutzea dagoen tokitik joango da bertara.
Trena Antzuolatik helduko da Goierrira. Urretxu eta Zumarraga azpitik pasako da eta Santa Lutzin aire librera aterako da. Ezkio-Itsason 2.130 metro egingo ditu lur gainean eta lau biaduktu ere edukiko ditu: Santa Lutzi 1 (200 metro), Zabalegi 1 (180 metro), Errazti (150 metro) eta Jauregi (80 metro). 500 metroko tunel bat ere egiten ari dira.
Trenak apenas izango du eraginik Ormaiztegiko lurretan. Sorozarretako tunelaren hasiera bakarrik dago Ormaiztegin. Beasainen, ordea, eragina handiagoa da. Bertan, trazatuaren %80 lur azpitik doa, %15 biaduktutik eta 300 metro lur gainean. Bost tunel eta lau biaduktu egingo dituzte. Sorozarreta (750 metro), Arriaran (467 metro), Itola (201), Loinatz (347) eta Beasain (1.968 metro) tunelak eta Zabalondo (224), Itola (382), Usurbe (60 metro) eta Mariaratz (111 metro) zubiak.
Ordizian, berriz, apenas ikusiko da trena. Mariaratz biaduktutik helduko da eta ondoren Ordizia-Itsasondo (2.814 metro) tunelean sartuko da. Itsasondotik Legorretara Zubiña (144 metro) biaduktutik sartuko da. Herrian tunel bat eta beste biaduktu bat ere egongo dira.
AHTaren Gipuzkoako zatia Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen eta Lurralde Politika saila egiten ari da, Euskal Trenbide Sarea sozietate publikoaren bitartez. Egitasmo honek Espainiako Sustapen ministerioaren eta Europar Batasunaren babesa du. Bultzatzaileen esanetan, Bilbo, Gasteiz eta Donostia lotzeko eta Euskal Herria Europarekin elkartzeko balioko du eta garraiobide «azkarra» eta «jasangarria» izango da. Donostiatik Bilbora joateko 38 minutu beharko dira, Gasteizera 34, Parisera bost ordu eta bederatzi minutu eta Madrilera bi ordu eta hamabost minutu.
Gainera, halako tren batek autobusak eta autoak baino askoz ere energia gutxiago kontsumitzen duela diote: autobusak baino hiru aldiz gutxiago eta autoak baino hamar aldiz gutxiago. Inpaktu anbientala «txikia» izango dela diote, trenbidearen %60 lur azpian egongo baita.
Kontrako iritziak
Jende asko ez da iritzi berekoa, ordea. Azken urteotan AHTaren aurkako mugimenduak hamaika ekintza egin ditu. Baita Goierrin ere. Eskualdeko AHTaren aurkako asanblada 90eko hamarkada amaieran osatu zen, eta ekitaldi mordoxka antolatu zituen: hitzaldiak, erakusketak, mendi martxak, bizikleta martxak, akanpadak… Euskal Herri mailan, hainbat eragilek, sindikatuk eta alderdik bat egin zuten eta AHT Gelditu! Elkarlana plataforma sortu zuten.
Goierriko taldeak desobedientzia ekintza ugari antolatu zituen: Ordizian egindako manifestazio baten ostean hamar lagun obrara sartu eta kateatu egin ziren, zebrabide bat zeharkatuz auto ilara handia sortu zuten, Legorretan zuhaitzetara igota eman zuten astebete, taldeko lau kide Itsasondoko meategian sartu eta kateatu egin ziren… Itsasondoko eta Legorretako udalek herri galdeketak ere antolatu zituzten.
AHT Gelditu! Elkarlana plataforman parte hartu zuen goierritarretako bat Jone Etxeberria da. Itsasondoko ekintza gogoratzen du bereziki: «Izugarrizko larritasunez bizi izan genuen, obraren arduradunek leherketekin jarraitzea erabaki baitzuten. Azkenean, lanak gelditu zituzten. Ekintzaileak aurkitu eta ateratzeko nahikoa lan izan zuten! Euskal Herri osoak azpiegituraren zentzugabekeriaren berri izan zuen, zenbait egunkarik ekintzari portada eskaini baitzioten», gogoratu du.
Etxeberriak AHTaren aurka egoteko arrazoi asko daudela dio. «Kapitalismo neoliberalaren ikur nagusiena da: faraonikoa da –Euskal Herrian inoiz egin den azpiegitura handiena da–, elitista da, txartela subentzionatuta egongo bada ere, herritar xumeok ezingo dugulako ordaindu, diru publikoarekin egina –10.000 milioi euro gastatuko dituzte eraikuntza lanetan soilik, eta mantentze gastuez ez digute hitz nahi, zeharo defizitarioa delako–, enpresa pribatuak ari dira eraikitzen, eta eraikitzaile handiek irabazi handiak lortzen dituzten bitartean, langileak lan baldintza lazgarrietan dituzte, eta kudeaketa pribatua aberastuko du».
Bukatuko al da?
Dena den, askok obra ez dela bukatuko uste du. Eusko Jaurlaritzaren esku dagoen Gipuzkoako zatia martxa onean doa eta 2018rako prest egongo dela diote, baina Espainiako Sustapen ministerioaren esku dagoena oso geldo doa.
Inor ez da epeez hitz egitera ausartzen. Gainera, Frantziak Bordele eta Hendaia (Lapurdi) elkartuko dituen zatia ez duela 2030 baino lehen bukatuko esan du.
Etxeberriak berak ere zalantzak ditu: «Oraindik obraren erdia baino gehiago falta zaie eta hiriburuetako sarrerak zehaztu gabe dituzte. Milaka milioi falta zaizkie lanak bukatzeko eta testuinguru ekonomikoa ikustea besterik ez dago. Bai Eusko Jaurlaritzak eta bai Nafarroako Gobernuak, geroz eta zailagoa izango dute halako diru xahutzea justifikatzea», azaldu du.
Dena den, azpiegitura honen aurka daudenak ez dira fio. «Hala ere, bi gobernuek, balaztari eman beharrean, azeleragailuari eman diote eta herri honen ekonomia maldan behera erortzen utzi. Gainera, proiektua bukatuko balute ere, izugarrizko dirutzak beharko lituzkete martxan jartzeko. Hori ere ikusteko dago», amaitu du.












