
Abiadura handiko trena eraikiko lanen tamainaren berri izateko, Ezkio-Itsasora joatea besterik ez dago. Trenbideak herria alderik alde zeharkatuko du, errepide ondotik, eta, gainera, geltoki bat egingo dute. Obrak buruhauste asko eragin du: lokatza errepidean eta etxeetan, pitzadurak Hariztizabal baserriko sagastian, desjabetzeak, aurki Ojarbide Goikoa baserria bota egingo dute, trena Sagastizabal baserri ondotik pasako da, herria bitan zatituko du…
Udalak urte asko daramatza gai honen inguruan lanean. Garikoitz Aiesta alkateak AHTaren berri duela 25-30 urte izan zutela gogoratu du, baina proiektua aurreko legegintzaldi hasieran gorpuztu zen. Ondoren, desjabetze espedienteak heldu ziren. Ezkio-Itsason 33 hektarea desjabetu dituzte, eta 100 lurjabe inguru dira kaltetuak.
Ezkio-Itsaso da biztanleko AHTaren metro gehien izango duen herria. Herri txikia eta azpiegitura handia. «Hasieran, zurrumurrua besterik ez zen, eta jendeak ez zuen uste egingo zenik. Egingo zela ziurtatu zenean, zalantza asko izan genituen: ez genekien nondik zihoan zehazki, lurjabe asko kaltetu zituen… Pixkanaka, baina nahi baino motelago, informazioa heltzen hasi zen».
Ondoren, obra hasita «pairatu daitezkeenak eta ezin daitezkeenak» ari dira bizitzen herritarrak. «Udalak eta herritarrek, lanak lehenbailehen bukatzea» eskatzen dute. Herritarren gehiengoak eta udala azpiegitura honen aurka daude, baina Aiestak «pragmatismoz jokatzea» tokatzen zaiela dio: «Gurea bezalako udal batek ezin du hau gelditu. Hori dela eta, eragozpenak ahalik eta txikienak izan daitezen ahaleginak egiten ari gara. Obra egiten ari direnekin erabateko koordinazioa dugu eta Jaurlaritzari lanak lehenbailehen bukatzeko eskatu diogu behin eta berriz». Hala ere, ez da batere erraza halako obra handi batekin bizitzea.
Egunerokoan,ezkiotarren borroka nagusia kamioiak errepidera garbi ateratzea da. Hala eskatu dute Eusko Jaurlaritzan eta diputazioan, obraren ardura dutelako eta errepideak beraienak direlako. Bide ondoko etxeak oso zikinak daude eta, obra bukatu ondoren, Jaurlaritzak lehen bezala uztea espero dugu. Bestalde, Aldundiak kamioiek txikitutako errepidea berritu beharko luke».
Geltokia eta balizko onurak
Baina teorian, kalteez gain, AHTak dirua ere ekarri beharko luke Ezkio-Itsasora. Izan ere, bertan bidaiarientzako geltokia egingo dute. «Hemendik urte batzuetara esango dut aberastasuna utziko duen ala ez! Madril, Paris eta Nafarroarekin egin beharreko loturak nola dauden ikusita, instalazioak oraindik inon ez direla jarri ikusita… ez noa ezer esatera. Gure nahia, herriari onura ekartzea da, noski, baina zalantza asko ditugu», dio alkateak.
Euskal Herriko obra handiena, etxe ondoan
AHTaren lenek Ezkio-Itsasoko bizilagun askoren bizitzan izan du eragina, baina bi kasu bereziki azpimarragarriak dira: Ojarbide Goikoa eta Sagastizabal baserrikoak. Ojarbide bota egingo dute. Sagastizabal ez dute botako, baina trena ondo-ondotik pasako da.
Ojarbidekoei duela lau urte esan zieten euren baserria botako zutela eta berria egiteko dirua emango zietela. «Ez dago erabaki horren aurka ezer egiterik eta pixkanaka mentalizatu egin ginen. Dena den, hasieran kolpe latza izan zen. Batez ere, gurasoentzat. Izan ere, beti han bizi izan dira», esan du Iñaki Narraspek.
Baserrian bere gurasoak eta arreba bizi ziren eta duela 25 urte berak ondoan etxea egin zuen bere familiarentzat. Emaztea eta hiru seme-alaba ditu. Zortzientzat etxe berria egin dute. «Etxe bat egiteak estres handia sortzen du, baina, egia esan, ondo portatu dira gurekin. Diru aldetik ez dugu kexarik eta etxea lehengoa baino hobea da. Gainera, bi urteko epea eman ziguten eta azkenean bi urte eta erdi behar izan ditugu. Gurasoak ere ondo moldatu dira etxe berrira».
Trenbidea, baserri ondoan
Sagastizabaleko Juana Zumarraga eta Nekane Ugarteburu alaba, ordea, ez daude batere pozik. Obrak buruhauste asko eragin dizkie. «Sei hilabeterako etxetik joateko gomendatu ziguten, hotela ordainduko zigutela, baina gelditzea erabaki genuen. Etxea plastikoz estali zuten goitik behera. Hori hauts pila harrotu zutena…», dio Ugarteburuk.
Pitzaduren beldur ere badira. «Mikropilote asko jarri dituzte eta etxea ez dela mugituko diote, baina… Hauek obrak egiten dituzte eta gero, gerokoak. Duela 15 urte etxe aurreko lurra errekara joan zen luizi bategatik», gogoratu du; halabeharrez, baina, ohitu dira egunereokora: «Zer egingo dugu, haserretu?». Hori bai, trena sekula ez pasatzea espero du. «Dirurik ez dagoela esaten dute, baina gauza batzuetarako badago… Ez dakit nolakoa izango den gure bizitza egunen batean trena etxe aurretik pasatzen bada».