
Legazpiko udaletxea ere inauteri jaietarako apainduta dago, dagoeneko. Eraikinaren balkoi nagusietan kolore biziko 60 lore jarri dituzte Legazpiko Garaguneko kideek, umorea, satira eta parodia giroa uztartzen dituen jai hauei ongietorri emateko.
Guztira plastikozko 120 botila erabili dituzte, bi lore bakoitzeko. Udaletxeko eraikinean dauden hiru balkoietan banatuta jarri dituzte apaingarriak, hogei balkoi bakoitzeko. Botila hauek Legazpiko Azpikoetxe jatetxeak eman ditu ekimena gauzatu ahal izateko. Loreak atzo goizean jarri zituzten udaletxeko balkoietan eta Garaguneko kideez gain, udaletxeko ordezkari politikoek ere hartu zuten parte ekimenean.
Trafikoan aldaketak
Bestalde, inauteriekin lotuta bihartik igandera bitartean trafikoarekin lotuta hainbat murrizketa izango direla ere jakinarazi dute Udaltzaingotik. Hala aparkatzea debekatuta egongo da igande arratsaldera bitartean, Kale Nagusia, Plazaola, Lanaran Hiribidea eta Santikutz kaleetako zenbait gunetan.
Gainera, zirkulazioa eten egingo dute Aizkorri kalean, bihar 16:00etatik 19:00etara, etzi 18:00etatik 20:00etara eta igandean 13:00etatik 14:00etara eta 18:00etatik 19:00etara. Txorronea paretik behera jaitsi beharko da ordu horietan.
Kale Nagusian ere etenda egongo da zirkulazioa ondoko egunetan eta ordutegian: bihar 16:00etatik 21:00etara, etzi 18:00etatik 21:00etara eta igandean 13:00etatik 14:00etara eta 18:00etatik 19:00etara. Baita Plazaolan ere, garajeetarako izan ezik, bihar 19:00etatik 21:30era eta etzi 18:00etatik 20:00etara.