Goierriko Sahara Herriaren Aldeko Lagunak elkarteak guztira 3.800 kilo janari bildu ditu eskualdean, Saharako bizilagunei bidaltzeko. Otsailaren bigarren astean egin zuten bilketa kanpaina, lau egunean, eta kontserba-janariak nahiz konpresak eskatu zituzten.
Goierritarrek emandako laguntza Euskal Karabanan eramango dute Saharara, baita Aljeriako desertuan, errefuxiatu kanpamenduetan bizi diren 200.000 sahararrengana ere.
Bailarako ikastetxe eta supermerkatu batzuetan jarri zituzten postuak. Hegaluzea eta sardinak oliotan, azukrea, lekaleak, arroza eta pasta eskatu zituzten; baita konpresak ere. 200 kaxa bete zituzten goierritarrek.

Bildutako janariak kaxetan sartzen, Ataungo biltegian./Hitza
Sahararen aldeko elkarteak Ataungo lokal batean bildu zituen, ondoren. Denera 3.800 kilo janari eta konpresaz betetako hamabost zaku batu dituzte. Dagoeneko bidali dute Sahararantz, euskal karabanan.
Helburua, «gaindituta»
Urtero egin behar izaten da sahararrei laguntzeko janari bilketa, «bizirik jarrai dezaten». Espainiak Sahara bere zortera utzi ondoren, Marokok hartu zuen, duela 38 urte. Sahararrek ihes egin zuten, eta Tindufeko errefuxiatu kanpalekuetan babestu ziren. «Ordutik, kanpo-laguntza da biztanleen bizibide bakarra», gogoratu du Goierriko elkarteak.
Sahararren egoera «gogorra» da. Ia lau hamarkada igaro diren arren, hainbat erakundek, pertsonak eta gobernuk Mendebaleko Sahararen egoera «zokoratu» egin dutela salatu du elkarteak. «Aspaldi begiak itxita bizi dira, Saharako herriari egunez egun giza eskubideak ukatzen zaizkiola ez ikusteko».
Bien bitartean, janari bilketaren aringarria geratzen da. Helburu hori «soberan» bete da.

Kaxak, Saharara bidaltzeko prest./Hitza