Elkartasunezko pilota jaialdia izango da ostiralean Ataunen, Mikel Goñi eta Ibai Arratibel pilotariekin
Afrikako Ginea herrialdean hezkuntza proiektu bat garatzen laguntzeko, elkartasunezko pilota jaialdia antolatu dute etziko Ataunen. Mondragon Unibertsitateko ikasle talde bat garatzen ari den Guinnove egitasmoa finantzatzeko izango da irabazien zati bat. Arrasaten eta Oñatin egin dituzte bana, orain arte.
Partida Ataungo pilota eskolarekin, Global pilotari enpresarekin eta Ataungo Udalarekin batera antolatu dute. Pilota eskolarentzat izango da ateratzen den diruaren beste zati bat.
Jaialdia etzi, ostirala, 22:00etan hasiko da, Auzoeta kiroldegian. Egunean bertan, sarrerak 10 euro balioko du (16 urtez behekoentzat 5 euro). Aurrez 8 euro ordainduko da. Ataungo Bitor jatetxean eta Troskaeta tabernan, eta Beasaingo Arrano tabernan daude salgai.
Bi pilota partidak osatuko dute jaialdia. Lehendabizi, lau t’erdiko neurketa jokatuko dute Ataungo bi gaztek. Aimar Zalduak eta Aitor Azkonabeitia buruz buru ariko dira, kaiolan.
Ondoren, binakako beste partida bat izango da. Profesional izandako Mikel Goñi mugairiarrak eta Beasaingo Murumendi pilota elkarteko Unai Mendiak osatuko dute bikote bat; bestea, Ibai Arratibel ataundarrak eta Arkaitz Goikoetxea beasaindarrak.
Herrrik herri antzeko formatuko pilota neurketak antolatzen dituzte, Mikel Goñiren herrikoitasuna eta partaidetza baliatuz, eta tokian tokiko pilotariekin osatuz.