Industrialdeko biribilguneko lanak egiten hasi dira
Gipuzkoako Foru Aldundiak Legazpiko industrialdeko biribilgunea tokiz aldatuko du, eta errepidearen erdian jarriko du. Lanak haste honetan bertan hasi dira, lanak hiru fasetan egingo dituzte eta 437.000 euroko aurrekontua izango dute. Industrialde paretik auto asko igarotzen da eta udalak aspaldi eskatu zuen biribilgunea industrialdetik errepide erdira aldatzea. Berriak egungoak baino malda txikiagoa izango du eta auzoetarako sarbidea hobetuko du. Lanak irailean amaituko dituzte.
Lanek industrialdean eragina izango dutenez, udala eta aldundia enpresetako ordezkariekin bildu dira, euren beharren arabera lanak zehazteko. Lehen bi hilabetetan, orain arte irteteko erabiltzen zen bidea erabili beharko da industrialdera sartzeko zein industrialdetik irteteko.
Bestalde, herrigunetik auzoetara joan nahi dutenek, ezkerrera egin behar dute zuzenean, industrialdera sartu gabe. Aitxuri ingurutik irten nahi dutenek, beilatokira jo behar dute, eta industrialdeko erdiko kaletik atera. Ezin dira zuzenean irten.
Industrialdeko aparkalekuei dagokionez, astelehenetik ostiralera Aitxuri jatetxe inguruan eta auto garbitegiaren eremuan dauden aparkalekuak autoentzako izango dira. Kamioilariek asteburuetan eta jaiegunetan bakarrik aparkatu ahal izango dute toki horietan. Lanegunetan Bellota eta GKN artean edo Bikuñako industrialdean (bilketa gunetik Garinera) aparkatu dezakete.
Biribilguneko obrarekin batera, Agirre-Etxeberriko lanak ere egin behar dituzte, eta Urola kaleko hormari egurrezko zatia kenduko diote. Hori dela eta, espaloia itxita egongo da. Hau guztia dela eta, herrigunetik auzoetara autoz joan nahi dutenei, Patrizio Etxeberria kaletik joateko gomendatu diete udalak eta aldundiak.