Legazpiko Udalak euskararekin lotutako diru-laguntzak emango ditu
Legazpiko Udalak euskararekin lotutako diru-laguntzak emango ditu. Barnetegietan, ikastaro trinkoetan, 100 ordutik gorako ikastaroetan, auto-ikaskuntza programetan eta herritik kanpo euskara ikasten ari direnek urriaren 31a baino lehen aurkeztu behar dute eskaera.
UEUra edo euskararen normalizazioarekin zerikusia duten bestelako ikastaroetara doazen herritarrek, berriz, irailaren 30a baino lehen aurkeztu behar dituzte eskaerak. Errotuluak, irudi korporatiboa eta webgunea euskaraz jarri dituztenek ere eska dezakete diru-laguntza. Urriaren 31 baino lehen egin behar dute.
Euskararen ondareari buruzko informazioa jaso, gorde edota digitalizatu eta zabaltzea helburu duten elkarteentzat, teknologia berrietan euskararen normalizazioan dihardutenentzat eta herrian zabalkundea duten euskarazko komunikabideentzat ere diru-laguntzak daude. Uztailaren 30a baino lehen aurkeztu behar dira eskaerak.
Informazio gehiago nahi dutenek Euskara sailera jo dezakete, 943 73 71 88 telefono zenbakira deitu edo euskara.le@legazpi.net helbidera idatzi.