
Artzain gehienek eraman dituzte ardiak goiko larreetara, eta bakan batzuk beti izango badira ere, arkume jaiotze garaia bukatutzat eman daiteke. Ordizian arkume salmentaren berri jasotzen duen agirian ohar hauxe emana zen atzo: «Tolosatik: iraila arte ez dute asteazkenetan arkumerik hilko. Beraz Ordiziako zerbitzu hau ordura arte etenda geratuko da». Hurrengo udazkenean hasiko da berriz ere mugimendua, artzainek esku bete lan izaten duten sasoian.
Bertatik bertara dugunok batzutan ez gara ohartzen Ordiziako azokan dugun altxorraz, eta aldiz, behin baino gehiagotan ikusi ohi dugu kanpotik propio etorritako sukaldariren bat. Aramako Patxi Arizmendik, esaterako, bere ekoizpenaren kilo mordoxka Madrileko jatetxe batera bideratzen du. «Astero ilar kilo asko bidali izan diot, eta orain baba txikiaren eskean dut». Hain zuzen ere, baba txikia izan zen atzoko nobedadeetako bat; «hemen ez da halako ohiturarik, baina oso goxoa da, leka eta guzti jan daiteke fresko-freskoa denean».

Baliarraingo Edurne Jauregi berriz, aire libreko kuiatxoak ekartzen hasi zen (0,5-1€ bakoitza). Hala kontatu zigun: «Lehengoan errezeta berri bat aipatzen zigun Tolosako sukaldari batek, kuiatxo txikiak eskalfatuz ezin goxoagoak geratzen omen dira». Aire librekoez gain, negutegiko lehen piper italiar gozoak ere izan ziren atzo, Azkoitiako Kurutziagakoen postuan (6 €/Kg). Poliki ugaritu da pipermina (10-15 €/Kg) eta baita baina edo leka ere (6-7).
Aukera aparta, beroa falta
Lore eta landare postuetan eguraldi eguzkitsuaren eskasa nabari da, aukerak ez baitu aitzakiarik. Lore moztuetan berriz, laranja koloreko lehen lilium sortak ikusi genituen Arantxa Zurutuzaren postuan (sorta 4 euroan).