Igor Esnaola Gipuzkoako sega finalera igaro da
Igor Esnaola legorretarrak Gipuzkoako finala jokatzeko txartela lortu du, aurkariei belar kilotan alde handia aterata. Larunbatean jokatu zen herrialdeko lehiaketako kanporaketa, Aiako Andatza auzoan (Gipuzkoa). Zortzi segalari lehiatu ziren, finalerako lau txartel lortzeko, bi multzotan bereizita eta 30 minutuko lanean. Esnaolak 1.739 kilo belar ebaki zuen, eta sailkapen orokorrean 93,5 kiloko aldea atera zion bigarren izan zen Juan Joxe Lizasori (1.645,5 kilo). Bi horiekin batera, Jon Kanflanka (1.453 kilo) eta Iñigo Mercader debutaria (1.429 kilo) ariko dira finalean.
Gipuzkoako finala Aian bertan jokatuko da, uztailaren 13an, 12:00etan. Ordubeteko lana egin beharko dute. Ohiko segakeran izaten da txapelketa hori.

Igor Esnaola, Etxalekuko saioan (ligaxkakoa)./Almitza