
Eraikinen egoera zein den aztertu eta baldintzarik onenetan mantendu daitezen bermatzeko EIT Eraikinen Ikuskapen Teknikoa gainditu beharko dute 50 urte betetzen dituzten etxebizitzek 2018ko ekaina baino lehen Araba, Bizkai eta Gipuzkoan. Goi mailako teknikari batek eginiko txostena izango da, pertsonentzako arriskuak eta kalte fisikoak sahiestea helburu duena, baita irisgarritasuna hobetu eta energia eraginkortasuna sustatzea ere, besteak beste.
Ekainaren 17a baino lehen 50 urte betetzen dituzten etxebizitzek, 2018ko ekainera arteko epea izango dute ikuskaritza egiteko. Era berean, dagoeneko mende erdia beteta duten eraikinen jabeak has daitezke izapideak egiten.
Ordizian 225 etxebizitza daude 2018rako EIT pasa beharko dutenen zerrendan. 1967an edo lehenago eraikitako etxebizitzak izango dira. Hortik aurrera, 50 urte betetzen doazen eraikinak urtebeteko epea izango dute inspekzioa pasatzeko. Ordizian, adibidez, 2019an 1968an 50 urte betetako 12 eraikinek pasa beharko dute EIT; 2020an 1969ko zazpik eta gisa horren, urtez urte.
Estatuko txostenaren ordezko
Orain arte etxebizitzak berritzeko laguntzak eskatzen zituztenek pasa behar izaten zuten azterketa hori. 2012an, baina, Eusko Jaurlaritzak indarrean sartu zuen derrigorrezko Eraikinen Ikuskapen Teknikoa erregulatzeko dekretua. 2013ko azarotik aurrera Eraikinak Ebaluatzeko Txostena ere martxan jarri zuen Gasteizko Gobernuak.
Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Gobernuak hartutako neurri horiek, baina, talka egiten zuten Espainiako Gobernuaren errehabilitazio legearekin. Gasteizko eta Madrilgo ordezkariak hilabeteak eman dituzte adostasunera iritsi arte. 2014ko maiatzaren 20an, erkidegoko Eraikinen Ikuskapen Teknikoa arautzen duen dekretua aldatu zuten. Erkidegoko arauak eta Estatuko legeak izen desberdina badute ere, eraikuntzen eta eraikinen egoera ikuskatzeko eta balioesteko prozedura bera jasotzen dute. Beraz, EITak Estatuko Eraikinen Ebaluazioaren Txostenaren papera beteko du, eta EIT izango da egin beharreko bakarra.
Bizilagunek euren eraikina zein urtetan eraikia den, ikuskaritza egitea noiz tokatzen den ikusteko eta azterketaren gaineko informazio osoa jasotzeko eskura dute www.euskoregite.com helbidea. Eraikinen ikuskaritzaren inguruan, joan zen ostegunean Ordiziako Udalbatzak izaera teknikoko eta politikoko lantaldea osatzea onartu zuen betebeharrak aztertu ahal izateko.
Euskal selekzioa nazioartean lehiatu dadin aldarrikatu du Ordiziako Udalak
Bilduren ekimenez Ordiziako Udalbatzak babesa eman dio euskal selekzioak ofizialki nazioarteko txapelketetan gainerako selekzioen baldintza berean lehiatu dezan aldarrikatzen duen mozioari. Europar Batasunaren Oinarrizko Eskubideen Gutunean edozein arrazoi dela medio bereiztea debekatua dagoela jasotzen den arren, «euskal selekzioa nazioarteko txapelketetatik baztertua» dagoela salatu zuen. Bilduren eta EAJren aldeko botoak izan zituen idatziak, eta PSE abstenitu egin zen.
Osoko bilkuran Homofobia eta Transfobiaren Nazioarteko Egunaren harira idatzia ere onartu zuten; 2015 urterako Ordiziako jai egun ofiziala uztailaren 27a izendatu zuten; eta SAADA Goierriko Saharako lagunak elkarteari diru laguntza ematea ere bai. Jakintza Ikastolari eman beharreko laguntzak ere onartu zitzuten.