«Jolasa zein talde lana da dantza, baita gorputza askatzeko aukera ere»
Beñat Urretabizkaiak (Beasain, 1989) ikus-entzunezko ikasketak egin nahi zituen baina matrikula egitera berandu iritsi zen, beharbada zoriak aginduta. Madrilera interpretazio ikastera joatea zen bigarren aukera, eta hala egin zuen. Eskolan dantza ikasgaia zuen eta han eman zituen lehenengo pausoak, lehenengo saltoak eta lehenengo itzulipurdiak. Konturatzerako dantza barru-barrukoa zuen eta Madrileko kontserbatorioan dantza garaikidea ikasteari ekin zion. Urretabizkaiak Dantzaz konpainian bi urte egin ditu. Aurreko asteburuan Lekeition (Bizkaia) Itsaslaboa, Txoriak zoroen itsasoa ikuskizuna aurkeztu dute, eta hondar gainean egin dute dantza. Badirudi zu bere bila baino dantza bila etorri zaizula. Bai, irudipen hori daukat. Berandu hasi nintzen, baina gauzak aurrera eta ondo antzera doaz. Entzunaldi batekin hasi al zen Dantzaz konpainiako abentura? Madrilen ikasten ari nintzen eta udan etxera etorri nintzen. Artelekun entzunaldi bat zegoela jakin nuen eta egin nuen. Aukeratu egin ninduten eta Dantzaz konpainian lanean eman ditut azken bi urteak. Aurki zure lana amaituko da konpainian, ezta? Bai, Dantzaz konpainiaren xedea da dantzariei era profesionalean dantza egiteko eta ikasteko aukera eskaintzea. Bi urte egin ahal dituzu bertan eta gero lekukoa beste dantzari batek hartuko du. Nik azkar beteko ditut nire bi urteak. Esango zenuke Dantzaz konpainiak moldeak apurtu dituela Euskal Herriko dantzagintzaren eszenan? Euskal Herrian badago jendea dantzaren eremuan [...]
Beñat Urretabizkaiak (Beasain, 1989) ikus-entzunezko ikasketak egin nahi zituen baina matrikula egitera berandu iritsi zen, beharbada zoriak aginduta. Madrilera interpretazio ikastera joatea zen bigarren aukera, eta hala egin zuen. Eskolan dantza ikasgaia zuen eta han eman zituen lehenengo pausoak, lehenengo saltoak eta lehenengo itzulipurdiak.
Konturatzerako dantza barru-barrukoa zuen eta Madrileko kontserbatorioan dantza garaikidea ikasteari ekin zion.
Urretabizkaiak Dantzaz konpainian bi urte egin ditu. Aurreko asteburuan Lekeition (Bizkaia) Itsaslaboa, Txoriak zoroen itsasoa ikuskizuna aurkeztu dute, eta hondar gainean egin dute dantza.
Badirudi zu bere bila baino dantza bila etorri zaizula.
Bai, irudipen hori daukat. Berandu hasi nintzen, baina gauzak aurrera eta ondo antzera doaz.
Entzunaldi batekin hasi al zen Dantzaz konpainiako abentura?
Madrilen ikasten ari nintzen eta udan etxera etorri nintzen. Artelekun entzunaldi bat zegoela jakin nuen eta egin nuen. Aukeratu egin ninduten eta Dantzaz konpainian lanean eman ditut azken bi urteak.
Aurki zure lana amaituko da konpainian, ezta?
Bai, Dantzaz konpainiaren xedea da dantzariei era profesionalean dantza egiteko eta ikasteko aukera eskaintzea. Bi urte egin ahal dituzu bertan eta gero lekukoa beste dantzari batek hartuko du. Nik azkar beteko ditut nire bi urteak.
Esango zenuke Dantzaz konpainiak moldeak apurtu dituela Euskal Herriko dantzagintzaren eszenan?
Euskal Herrian badago jendea dantzaren eremuan lanean, baina konpainia bezala, hamabi dantzarirekin lanean aritzen den bakarra Dantzaz da. Dantzariak Europako zoko guztietatik etor daitezke. Entzunaldietara ehun dantzari inguru aurkezten dira eta eguneroko entseguetan hizkuntza bat baino gehiago entzun ahal da. Aniztasunak aberastu egiten du konpainiaren jarduna nork bere ekarpena egiten duelako.
Nolakoa da zuen eguneroko lana Dantzaz konpainiak Errenterian duen egoitzan?
Ballet klasikoa ordu bete eta erdiz lantzen dugu egunero beroketa egiteko. Ondoren beste zazpi ordu inguru ematen ditugu dantzan. Gurea ere lanaldi osoa da.
Mikel Laboaren omenezko ikuskizuna estreinatu berri duzue Lekeitioko Nazioarteko Kale Antzerki Jaialdiaren 25. urteurrenaren harira. Nola joan da?
Uztailaren 11n eta 12an egin genuen. Oso ondo atera zen bietan. Hilaren 12an haizeak ez zigun lagundu baina moldatu ginen, izan ere, ikuskizuna hondatzan bertan egin genuen, hondar gainean; gustuko dugu ohiko oholtzak ez diren zoruak probatzea.
Dantza afizioa baino ofizioa da zuretzat.
Nik hau nire ogibidea izatea nahiko nuke. Dantzarekin bizimodua ateratzeko aukera Euskal Herrian bertan izango banu are hobeto. Gurea ez da ofizio egonkorra soldatari dagokionez, baina egoera ekonomikoaren eraginez gure lanbidean beti gertatu dena orain ofizio askotara zabaldu dela uste dut.
Konpainiako beste dantzariekin batera eskoletan aritu zara dantzaren garra ikasleengan piztu nahian.
Bai, Dantzaz konpainiak tailerrak egin izan ditu beti eskoletan. Aurten, baina, irakasleek ez dituzte eskolak eman, dantzariok egin dugu transmisio lan hori.
«Dantzaz konpainian bi urte egin eta lekukoa beste dantzari batek hartuko du»
«Dantza jolas bat da eta hori da, hain zuzen, umeei erakutsi nahi izan dieguna»
Ez duzue, halere, ohiko tailer bat egin.
Ez, tabuak kentzeko helburuarekin ikasleekin batera dantza emanaldi bat prestatu dugu Arrasateko (Gipuzkoa) eskoletan. Gure asmoa ordubeteko saio bat egin eta hanka egitea baino, prozesu osoa ikasleekin lantzea izan da. Umeen konplizitatea bilatu nahi izan genuen.
Zein adineko haurrekin aritu zarete?
Umeak 10 urte ingurukoak ziren. Dantza egiteaz gain, prozesu osoa lantzeak sormena eragitea ahalbidetu du. Buruan prozesua izan dugu une oro. Emaitza inportantea da, jakina, hala eta guztiz ere, bidea helmuga bera baino aberasgarriagoa da.
Tabuez hitz egin duzu. Zeintzuk dira, zure ustez, dantzarekin lotutako tabuak?
Euskal Herrian nahiko hotzak gara izatez; hori ez da ona edo txarra, hori da, besterik gabe. Gure gorputzaren mugimenduak mugatu eta jarrera erosoan uztea ohituta gaude. Dantza, halere, jolas bat da, eta hori da, hain zuzen, umeei erakutsi nahi izan dieguna.
Dantzaren alde ludikoa?
Bai. Dantza ez dela tutu bat eta zapata parea, alegia. Jolasa eta talde lana da dantza, baita gorputza askatzeko aukera ere. Esango nuke gorputzak dituen gaitasun guztiak ez ditugula ezagutzen eta dantzaren bitartez gaitasun horietako batzuk aktibatu ahal ditugu.
Dantza emakumeen esparrutik ateratzen dela uste al duzu? Dantzan gero eta gizon gehiago aritzen al da?
Poliki-poliki gauzak aldatzen ari direla uste dut. Arrasaten egin dugun ikuskizunean umeek poza baino ez digute transmititu eta natural dantza egiteko gai direla ikusi dugu. Oso gustura ikusi ditugu neskak zein mutilak eta hori pozgarria izan da guretzat ere.
Euskal dantza tradizionalak lagundu al du naturaltasun horretan?
Laguntzen duelakoan nago. Euskal dantza tradizionalean bide berri asko zabaltzen ari dira eta gizonezko ugari ari dira horretan. Dantzaren ikuspegia aldatzeko lagungarria dela uste dut, gizonezkoei dantzaren beste ikuspuntu bat emateko, hain zuzen.
Dantzaz konpainian lantzen al dituzue euskal dantza tradizionalak?
Ni konpainian nagoenetik beti presente egon da era batera edo bestera, baina gure berezko esparrua dantza garaikidea da.
Behin Dantzaz konpainiako aroa amaitzen duzunean, aurrera begira zein proiektu duzu?
Proiektu txiki bat daukat Gorka Alonso koreografoarekin, eta datorren denboraldian berarekin arituko naiz lanean. Gero zer? Ez dakit, baina dantzan jarraitzeko asmoa eduki, badaukat.