Sandra Clivillek artilearekin haria egiten du, eta etxean berak ekoitzitako tinduekin koloreztatuta, jantziak, osagarriak edo etxerako oihalak sortzen ditu. Artilea berreskuratzea aldarrikatu du, plastikozko hariaren aldean.
Geroz eta gehiago dira petrolioaren morroiloa askatu, eta plastikoen eraldaketatik sortutako produktuak alboratuta beti-betiko lehengaien alde egiten dutenak. Nola jakietan, hala jostailuetan; izan xaboiak, edergintzako ukenduak edo botikak. Jantzigintzan ere ildo horri heldu dio Ataunen bizi den Sandra Clivillek. Hari naturala ekoizten du Ustatxo Goikoa baserrian duen tailerrean, etxeko artaldearen artilearekin edo erositakoekin; koloregai ekologikoa nahastu, eta feltroa ehuntzen du, baita harizko jertseak edo osagarriak ere.
Tindu naturalak egiten eta arropa koloreztatzen hasi zen. Duela zazpi-bat urte, ordea, haria lantzeko teknikak ikasteari ekin zion. Irule, ehule eta tindatzaile ofizioak barneratu ditu. Haurrentzat tailer berezituak eskaintzen ditu, nola Ustatxo Goikora bertara joanda, hala ikastetxera bera joanda. Eta feriaz feria saltzen ditu etxean egindako jantziak.
Etxeko latxa ardien ilea erabiltzen du, zenbait osagarrirentzat eta haria egiteko tailerretarako. «Jendeak ez du artilea jasotzen eta garbitzen. Segituan saldu edo eman egiten du, ez dagoelako oso preziatua. Nik etxeko artilea edukitzen dut, garbituta. Kanpotik merino ardiarena edo txisketa kataluniarrarena», dio Clivillek.

Sandra Cliville, Ataungo Ustatxo Goikoa baserrian duen lantegian./Aimar Maiz
Hain zuzen, euskal ardi arrazaren ilea latza da izatez —hortik datorkio latxa izena—, eta jendearen artean atzerakada nabaritu izan du, azkurea ematen duela eta. «Latxarenak bai, baina merinoarenak ez du azkurerik ematen, goxoagoa delako. Latxaren ileak 32 mikrozuntz ditu, eta merinoarenak 23. Latxarena gaizki feltratzen da, gainera, eta zailagoa da lantzen».
Zertarako erabiltzen den ere bada, jakina. Latxaren hariarekin Basajaun erraldoi bat egina dago, Ataungo eskolarako. Edo, azkeneko lau Gabonetan Donostia aldean-eta arrakasta lortu duten Olentzeroren eta Maridomingiren panpinak, arditxoekin batera. Oheko koltxoiak egiteko ere balio dezake; edo umeek eskumuturrekoak, ilea lotzeko osagarriak, txotxongiloak… Kontua artilearen erabilera sustatzea eta indartzea da, eskura dagoelako, erlatiboki merkea delako —nahiz eta produkzio txikia dagoenez, prezioak garestitzen diren— eta naturala eta betikoa delako.
Ofizio zaharra berreskuratzen
Lantzeko era ere tradizionalki izan dena errespetatzen du Clivillek. Maratilarekin egiten du haria. Gorua ere badu, zutikakoa eta zurezkoa, berri-berria. Euskal Herrian antzina erabili ohi zenaren erreplika da.
«Haria egiteko prozesua lehengo berdina da. Lehenengo, artilea baineran garbitzen dut eta eguzkitan lehortzen uzten dut. Insolazioa da berezko garbitzaile onena. Hiru egun edukitzen du, ahal bada, gau eta egun. Gauak hezetasuna ematen dio, eta artilearentzat oso ona da hori. Kardatzaile balantzin batekin prestatzen dut gero, eta umeak etortzen direnerako hariltzeko prest egoten da».
Kataluniarra sortzez, Arantzazuko Artzain Eskolan sakondu zuen Clivillek artzaintza. Han ez zuen ikas haria egiten. «Uste dut orain erakusten dutela. Interesa neukalako, neuk ikasi dut».
Artiletik haria atera, tindu ekologikoak neguan egin —landareekin egosi ohi ditu—, eta feltroa osatu edo mataza bildu ondoren, txalekoak ere egin izan ditu. «Momentuz joskurarik gabe. Pentsatzen ari naiz aurten jada joskurarekin egitea». Beste lanbide bat gehiago ere buruan darabil.
Ahaztutakoa atzera ikasi
Azken batean, euskal kulturan eta gizartean betidanik egin izan den lanketak berreskuratu ditu Clivillek. Eta ez kutsu folkloriko soilez, jantziak eta osagarriak ekoizteko eta saltzeko baizik. «Denean bezala, industrializazioa etorri zen jantzigintzara. Momentu honetan, erosten den ia dena poliamina da; petrolioa. Ez da artilea saltzen dena, plastikozko hariarekin egindako jantziak baizik. Ehuneko ehun artilea, adibidez, pertsonalki hemen inguruan ez dut aurkitu. Garestia da, noski, gutxi merkaturatzen delako».

Artilea eguzkitan lehortzen./Aimar Maiz
Ezarritako ohituren eta kontsumo bideen gainean hausnartu, eta iraultzatxo bat egitea proposatu du Clivillek. Iraultza baino gehiago, sustraietara itzuli eta lehen zekitena zerbait ikasi. «Nik ez dut esaten artilezko koltxoietan lo egin behar dugunik, lehen bezala. Baina egin zitekeen moldaketa bat. Egitez, orain dator: ekologiko deitzen diren koltxoiek artilea dute, kotoiarekin eta latex zerbaitekin. Momentu batean utzi egin zen artilea, txarra zelakoan. Plastikoaren inbasioa etorri zen, eta kito. Nik badaukat berreskuratuko den itxaropena».
Zeelanda Berria, Alemania, Herbehereak, Danimarka, Suedia… aipatu ditu. «Han inoiz ez dute utzi. Mundu guztiak dauka bere gorua eta ehundegia etxean. Ez dute feltroa egingo, baina haria egin eta ehundu, bai».
Goierrin ere ehuntzeko ohitura ari da pixkanaka zabaltzen, atzera. «Orratz lodiekin bufanda bat egiten biztanleriaren %40k badakiela esango nuke». Lehen garrantzitsua zena galtzen uztea «pena» da. «Baina petroliora goaz. Nik nahiago dut Gazterala joan eta artilea erosi, auskalo nongo petrolioa erosi baino».