Jon Martinek eraman du Lazkao Txiki Bertsopaper Lehiaketako sari nagusia
http://youtu.be/nTBE-63Vsvs Euskal Jaietako egitarauari amaiera emanez, atzo egin zuten Ordizian Lazkao Txiki Bertsopaper Lehiaketaren sari banaketa. Aurtengoan hogeita hirugarren edizioa bete du Argi berri Elkarteak Ordiziako Udalarekin batera antolatzen duen sariketak. Hiru mailatan banatuta, guztira 54 lan jaso zituzten. Manu Olanok, Nikolas Zeberiok eta Izar Sarriegik osatutako epaimahaiak aukeratu dituzte irabazleak.
Hala, helduen mailan Jon Martin oiartzuarrak eraman zuen lehen saria Niri buru hari lanagatik; Amaia Agirrek (Villabona), bigarrena Zahartzaroak umilduta lanagatik; eta Nikolas Zendoiak (Zarautz) Amona Piririren erleak bertso sortagatik.
14 eta 18 urte bitarteko gazteen mailan ia Ordiziako sariketan ezagun egiten ari den Aitor Servier-Etchechurik (Azkain) jaso zuen lehen saria Erran eta egin lanarekin. Zarauzko Jone Makazagak Txutxu-mutxuka lanagatik eta Legazpiko Ane Belokik Nerabezaroa lanagatik eraman zituzten bigarren eta hirugarren sariak, hurrenez hurren.
Gaztetxoetan goierritarra izan zen lehen saria eraman zuena, Zaldibiako Maide Garmendia. Zarauzko Aner Perez eta Beasaingo Maddi Aiestaran izan ziren bigarren eta hirugarren sarituak. Beste bi kategoriatan ez bezala, gaztetxoek gai bera izan zuten guztiek: “Gaur egungo teknologia berriak”.












