Goierriko Manifestua
Euskararen normalizazio prozesua areagotzea da Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluaren eginkizuna, eta bide horretan Goierrin proba pilotu bat egitea erabaki dute. Hizkuntza politika berri bat jarri nahi dute martxan, eta bide horretan, lehen pausoak egiten hasiak dira euskalgintzako zein administrazio mailako hainbat kiderekin batera.
Eskualde euskalduna da Goierri, baina, normalizaziorako egiteko asko duena. Euskal Herrian euskaraz bizitzeko eskubidea oinarri hartuta, egunerokoan euskaraz bizi ahal izateko hizkuntza politika eraginkorrak behar zirela ikusi zuen Kontseiluak, eta beti euskalgintzako kideak soilik bildu gabe, administrazioarekin elkarlanean egin beharreko bidea zela ikusi zuten.
Bide horretan, Kontseiluak deituta, hainbat eragile batu eta urrats ezberdinak eman dituzte pasa den urteko urritik orain arte. Goierriko euskalgintzako hainbat eragile batu ziren lehenik Ordiziako Barrenan. Hizkuntza-politika berri eta eraginkorra zer den ulertzeko formazio saio bat egin zuten gero eragile ezberdinek. Ordezkari politikoei helarazi zieten proposamena eta, handik aurrera, elkarrekin dinamika ezberdinak martxan jarriz, proposamen ezberdinak aztertu eta adostu dituzte.
Elkarrekin
Bide horretan, bailarako erakundeekin, talde eragileekin nahiz politikariekin jarri dira harremanetan Kontseilutik. AEKko Nekane Munduatek «ilusioz» ikusten du egindakoa, eta horrek ekar ditzakeen ondorioak: «Azken urteetan euskalgintzako kideak beldurtuta, ezkor geunden. Administrazioarekin talka egiten genuen. Orain, aldiz, elkarrekin goazela ikusten dugu, norabide berean, eta hori oso pozgarria da».
Normalizaziora bidean
Segurako Udalean, esaterako, prozesu hori martxan jarri aurretik ere, formatzen hasiak zeuden udalgintzako zein administrazioko kideak, euskararen normalizaziorako bidean lanketa ezberdinak eginez. Baina, begi onez ikusten dituzte horrelako egitasmoak. «Udal administrazioetan egiten ditugu arauak, plangintzak, ardurak… eta guk ditugu baliabideak. Lanketa hau instituzioei soilik ez badagokigu ere, zeresan handia dugu», dio Eluska Gerriko Segurako alkateak. Euskararen normalizazioaren bidean «batak bestearen beharra» dutela dio: eragile ezberdinak administrazioena, eta alderantziz.
«Helburua eragileei zer egin dugun eta zer egin nahi dugun azaltzea da» Jon Urdangarin (Maizpideko zuzendaria) «Lanketa hau instituzioei soilik ez badagokigu ere, zeresan handia dugu» Eluska Gerriko (Segurako alkatea) «Eraginkortasuna handitzea ahalbidetuko digun bide berriak behar ditugu» Imanol Iturriotz (Ordiziako zinegotzia) «Goierritar oro gonbidatu nahi nuke ekitaldira, etxera ez delako berdin itzuliko» Nekane Munduate (AEKko irakaslea)Aurkezpena, gaur Gaur, 19:00eta,n aurkeztuko dute, gerturatu nahi duen ororen aurrean, Goierriko Manifestua. «Ekitaldi freskoa izango da», dio Gerrikok: «Ez genuen nahi paperean testu bat idatzi eta horretan utzi: teknologia berriak aprobetxatuko ditugu, sortzaile ezberdinek parte hartuko dute… Eta luntxa egongo da amaieran». Munduate ere uste berekoa da: «Goierritar oro gonbidatuko nuke ekitaldira, etxera ez delako berdin itzuliko; barrua ukituta bueltatuko delako. Kontzientzian eragin nahi dugu, jendearengan eragiteko». Kontseiluko Juanlu Aranbururen esanetan «alor guztietara modu integralean» iritsi nahi dute, «alderdi soziologikotik, ekonomikotik, kultura aldetik, kirol aldetik…». «Eskualdeko ikuspegi osoa izango du, eragile politikoak eta sozialak elkarrekin joango dira eta alor guztietan eragina izango du». Bide horretan, eragile ezberdinak gaur Igartzara gerturatzeak berebiziko garrantzia du, horiek izango baitira hizkuntza politika berriaren sostengu. Bide berria Gaurko ekitaldian Goierriko Manifestua aurkeztuko dute. «Aurkezpen bat izango da. Helburua, bertan elkartzen diren eragile ezberdinetako kideei Goierriko Manifestua zer den azaltzea da: zer egin dugun orain arte, eta zer egin nahi dugun hemendik aurrera, eta horretarako euren laguntza behar dugula azalduko diegu», dio Jon Urdangarin Maizpide euskaltegiko zuzendariak. «Euskararen alde borrokatzeko orain arte egin dugun bidea agortze bidean da», dio Imanol Iturriotz Ordiziako zinegotziak. «Bere eraginkortasuna mugatua da eta hainbatetan euskararen aldeko ekintzek beren jatorrizko zentzua galdu eta erritual bihurtu dira. Beraz, bide berriak ireki behar dira, mugimenduaren eraginkortasuna handitzea ahalbidetuko digun bide berriak behar ditugu». Bide berri horiez eta beste hainbat sorpresen inguruan jardungo dute gaur 19:00etatik aurrera Igartzan, ekitaldi berezi-berezian.