Ikatz txondorra piztuko dute igandean Lizarrustin
Lizarrustiko parketxea kudeatzen duen Lurra enpresak eta Gipuzkoako Parketxe Sareak ikazkintzari buruzko egitaraua antolatu dute, beste urtebetez, Ataungo mendate-gain horretan. Igandean hasiko da, eta urriaren 5era arte ikatz txondorra egingo dute, besteak beste. Aralarko ikazkintza eta basogintza nolakoa izan den erakutsi nahi dute.
Igandean festatxo batekin hasiko da jardunaldia. Txondorra 12:00ak aldera piztuko dute, Lizarrustin. Iazko prozesuaren argazki erakusketa ere orduan zabalduko dute, urriaren 5 era arte.
Ondoren, hurrengo bi asteetan ikatza egosten ariko da. Ikusi nahi duenarentzat bisita gidatuak antolatuko dituzte, taldeetan. Ordua aurrez hartu behar da (943 18 03 35, barandiaran@gipuzkoamendizmendi.net).
Ikazkintzari eskainitako egitaraua urriaren 5ean bukatuko da, igandearekin. Goizean mendi buelta bat egingo dute, Lizarrusti inguruan. Txondor plazak, pago motzak eta basoaren erabilera erakutsiko dituzte adituek.
Ikazkin menua bazkalduz (baratzuri zopa, babarrunak eta mamia) borobilduko dute, ondoren, azken eguneko jardunaldia.

Txondorra prestatzen, iaz./Hitza