Itsasondoko jaiak gaur hasiko dira, txupinazo bereziarekin
Berrikuntza nabarmen bat izango dute gaur hasiko diren Itsasondoko jaiek, aurten. Aurreneko aldiz, txupinazo ofiziala antolatu dute. Inguruko herrietan egiten duten bezala —Legorretan edo Ordizian, kasu—, herriko ikurra den pertsonaia jaitsiko dute plazara, kasu honetan ijitoa —izengoiti hori eman izan zaie itsasondoarrei—. Pregoia irakurri eta suziria lehertuz hasiko dira festa nagusiak, gaur iluntzean.
Itsasondon festei hasiera ematen dien ekitaldi berezirik ez zegoela orain arte, eta herriko haurrei otu zaie zerbait egitea. «Karreape gaztelekuko nerabeak arduratu dira, herritar batzuen laguntzarekin, ijitoa egiten eta pregoia prestatzen. Hori dela eta, pregoia gaztetxoek eurek irakurriko dute. Ondoren ijitoa jaitsiko da, eta txupinazoarekin hasiko dira jaiak», azaldu du Itsasondoko Udaleko Gazteria eta Kultura dinamizatzaile Ainara Urteagak.
Azken unera arte ezkutuan gordeko dute panpina. Lehenbiziko aldiz, gaur 20:30ean ikusi ahalko da, udaletxeko balkoian.
Festak, izatez, hiru ordu lehenago hasiko dira, ordea. Itsasondon ohitura sustraituak diren zinta karrera eta herri mailako futbol partida jokatuko dira.
Imuntzo eta Beloki, gauean
Festa egitaraua gaurtik igandera bitartean luzatuko da. Gaur, txupinazoaren ondoren, herri afaria eta Imuntzo eta Belokiren kontzertua izango dira.
Gainontzean, urteroko ekitaldiak mantendu dituzte: Beitiko eta Altzagarateko txirrindulari igoerak, biharko paella bazkaria eta mozorro festa, edo azken eguneko sagardo dastaketa, batzuk aipatzearren.
Egitaraua
Gaur (irailak 19, ostirala)
- 17:00. Zinta karrera eta haur jolasak, plazan.
- 20:00. Futbol txapelketaren finala.
- 20:30. Txupinazoa, pregoia eta ‘Ijittuaren’ jaitsiera.
- 21:00. Herri afaria.
- 23:30. Imuntzo eta Beloki trikitilariekin dantzaldia.
- 05:00. Baratzuri zopa eta txokolate jana.
- 09:00. Goiz eresia.
- 13:00. Beitiko igoera txirrindularientzat.
- 18:00. Potxin eta Patxin pailazoak, plazan.
- 19:30-21:00 eta 21:30-23:00. Amaia DJarekin dantzaldia.
- 20:00. Mozorro lehiaketako sarien banaketa.
- 21:00. Ogitarteko jana.
- 23:30. Atila y los Uno taldearen kontzertua.
- 09:00. Goiz eresia.
- Egun guztian. Puzgarriak, Beiti kalean.
- 11:00. Altzagaratera bizikleta igoera.
- 12:00. Hamaiketakoa, plazan.
- 14:30. Herri bazkaria.
- 18:30. Pilota partidak.
- 19:00. Buruhandiak.
- 20:00. Sagardo dastaketa.
- Ondoren. Ijitoaren igoera eta festen amaiera.