Atxiloketa bana izan dira Beasainen eta Ordizian azken orduetan
Gauerdian 47 urteko gizonezko bat atxilotu du Ertzaintzak Beasaingo taberna batean izandako istiluen ondoren. Dirudienez, eztabaida sutsua izan zuten bi bezerok eta batek besteari golpea eman zion buruan garagardo pitxar batekin. Ertzaintza iritsi zenean golpea jaso zuenak buruan zauri sakona zuela ikusi zuen; anbulantzian eraman zuten artatu zezaten. Bestalde, ustezko erasotzailea atxilotu egin zuten egindakoa aitortu ondoren. Gaur pasako da epailearen aurretik.
Lapurreta saiakera, Ordizian
Beasaingo gertaera baino ordu batzuk lehentxeago, iluntzean, 50 urteko beste gizon bat atxilotu zuen Ertzaintzak Ordizian. Lapurreta egiteko asmoz Onceko saltzaile bat eta erosle bat labanaz mehatxatu zituelakoan atxilotu zuten ustezko erasotzailea. Tolosako komisaldegira eraman zuten gizona eta gaur azalpenak eman behar izan ditu epaile aurrean.