
Hirugarren urtez antolatu dute Baserritarren Eguna Idiazabalen, baserriaren garrantzia eta baserritarren lana aldarrikatzeko. Igandean izango da, eta herriko baserritarrak izango dira protagonistak. «Baserritarrek kalitatezko produktuak ekoizten dituzte, eta ditugun inguru ederrak zaintzen dituzte; horregatik, baserritarrei laguntzea eta jendea baserriaren garrantziaz jabetzea beharrezkoa da, etorkizunean ere baserriak izateko», adierazi du Ioritz Imaz Idiazabalgo alkateak. «Jai eguna izateaz gain, aldarrikapen eguna izango da».
Idiazabalgo Udalak martxan duen Gaztaren Mamia proiektuaren barruan kokatzen da Baserritarren Eguna. Lau ildo ditu proiektuak, Idiazabalgo baserrien egoera hobetzeko helburuarekin: herriko nekazaritza eta abeltzantza laguntzea, herritarrak sentsibilizatzea, herriko komertzioarekin elkarlana bilatzea eta Idiazabalgo turismoaz eta izenaz baliatzea.
Egun osoko egitaraua prestatu dute:
Goizean:
- Ganadu erakusketa, frontoi zaharrean. 50 ardi, bost ahuntz, lau esne behi, hamar haragitarako behi eta zortzi behor.
- Herriko produktuen erakusketa, plazan. Hiru gaztagile izango dira, baita herriko fruta erakusketa ere. Idiazabalgo Nekazal Kooperatibak, berriz, dendan izaten dituen produktuak aterako ditu plazara; besteak beste, jatekoa eta baserriko tresnak. Azkenik, Ardi ilea eta arkume larrua eraldatzen dituen artisauaren lana ikusteko aukera ere izango da.
- Haurrentzako baserri jolasak, futbitoan. Leku berean, herri bazkarirarako txekorra erretzen arituko dira, burruntzian.
12:30ean: artalde batek herria zeharkatuko du.
14:00etan: Herri bazkaria, frontoian. Herriko ekoizleen produktuak erabiliko dituzte otorduko plater guztietan. Herriko arrautzekin eta txistorrarekin egindako tortila jango dute lehenengo, burruntzian erretako txekorra bigarren, eta mamia postrerako.
16:00etan: omenaldia Jose Lekuona ur bilatzailearen senitartekoei, Idiazabalgo lareetan ganaduentzako ura bilatzen egindako lanagatik .
Omenaldiarekin amaituko dute igandeko Baserritarren eguna. Antolatzaileek, ordea, ez dute baserritarrei ematen zaien babesa egun bakarrera mugatzerik nahi. Horregatik, igandetik aurrera ere baserritarrez gogoratzeko deia egin du Jabier Jauregi Idiazabalgo Udaleko lehen sektoreko dinamizatzaileak: «etorri, ikusi, erosi eta Idiazabalgo Baserritarren Egunaz gozatu, eta ondorengo egunetan gure baserritarren lanaz gogoratu!».