Sagardo Astea inauguratu dute Igartubeiti baserrian
Gaur hasi eta urriaren 17an amaituko da Sagardo Astea Ezkio-Itsasoko Igartubeiti baserrian, Gipuzkoako Foru Aldundiak, Yartu Kultur Elkarteak eta Ezkio-Itsasoko Udalak antolatuta.
Inaugurazio ekitaldian Foru Aldundiak diplomak banatu dizkie XIII. Jatorrizko Sagardo Botilaratuen Lehiaketako irabazleei: Andoaingo (Gipuzkoa) Gaztañaga sagardotegiko Joxe Antonio Gaztañagari, Hernaniko (Gipuzkoa) Altzueta sagardotegiko Ibon Alkortari eta Astigarragako (Gipuzkoa) Gartziategi sagardotegiko Bittor Lizeagari.
Datozen egunetan, sagar zanpaketak egingo dituzte habe luzeko dolarea erabilita, XVI. mendeko baserritarren moduan. Aste egunetan, 11:30ean izango dira zanpaketak. Asteburuan, berriz, 12:00etan eta 17:00etan.
Sagar zanpaketez gain, hainbat ekintza izango dira Igartubeitin Sagardo Astearen baitan:
Antzezpenak. Larunbatean, 11:30ean eta 13:00etan. Igandean, 16:30ean eta 18:00etan. Yartu Elkarteko bost kidek baserrian bizi izan ziren Kortabarria familiako kideak antzeztuko dituzte, orduko bizimodua ezagutzeko.
Kirikoketa. Larunbatean eta igandean, 12:00etan eta 17:00etan. Sagarra txikitzeko mazoekin egiten den txalapartaren aldaera da. Arizkungo (Nafarroa) Jo eta Jo taldeak egingo du.
Sagar erakusketa. Asteburuan. Ezkio-Itsason bildutako sagar mota ezberdinak jarriko dituzte ikusgai, Igartubeitiko atarian.
Tailer multisensoriala. Bihar, 19:00etan. Sagar garratza, geza eta mikatza dastatuko dituzte, usainmena eta dastamena estimulatzeko.
Bertatik Bertara sukaldaritza tailerra. Urriaren 16an. Zumarragako Kabia jatetxeko Juanma Hurtado eta Bikendi Casadok errezeta batzuk prestatuko dituzte bertako produktuekin.