Urrup antzerki taldeak Dario Fo-ren beste antzezlan bat aurkeztuko du ostiralean Lazkaon
Goierriko Urrup antzerki talde amateurrak Ez dago lapurrik onik ez dakarrenik antzezlana egingo du, etzi, Lazkaoko Arerian. Dario Fo idazlearen beste antzezlan bat prestatu dute aurtengo denboraldirako, eta ostiralean 22:30ean aurkeztuko dute. Sarrera 5 euro da.
Komedia «eroa» da, elkarrizketa beroak eta ustekabeko egoerak nahasten dituena, beti umore ukituz. Euskaraz egingo dute antzerkia. «Abiapuntua ez da beste mundukoa, baina bai berezia. Lapur bat etxe elegante batera iristen da. Ustez inork ez zuen egon behar, baina ustekabean etxeko jabea maitalearekin azaltzen da. Hortik aurrera dena erokeria bihurtuko da: gezurrak, ezusteak, pistolak, telefono deiak, sedukzio jokoak…», aurreratu du Urrup antzerki taldeak.