GABIRIA 2. Mikel Asurabarrena, Gorka Maiz eta Jokin Murua.
Ostiralean gaueko hamaika eta erdiak paseak zirela piztu zen berriro Atera sumendia. Ostiralean hasi zen II. Atera Goierriko herriarteko bertso lehiaketa. Zegamako Mordoxka tabernara jende mordoxka ez, jende mordoa hurbildu zen eta bertsolariek ederki ase zuten entzuleen bertso gosea.
Gabiria 2 taldean lehendik ere halako lehiaketetan ohituta dauden Mikel Asurabarrena, Gorka Maiz “Pastel” eta Jokin Murua aritu ziren kantuan; Segurakoan, lehen edizioa irabazi zuen taldeko Jon Iturrioz eta lehen aldiz parte hartu duten Mikel Oria eta Eneko Araiztegik abestu zuten; Zegamako taldea, berriz, bi kiderekin soilik aritu behar izan zen. Istripu bat medio Jon Arakamak ezin izan zuen parte hartu eta Joanes Etxaide eta Gorka Aierbe bertsolariek osatu zituzten lehen kanporaketako ariketak.
Iñigo Atxa aurkezlearen gidaritzapean aurrez prestatutako agurrekin umoretsu eman zioten hasiera saioari. Zegamarrek ezin izan zuten halakorik prestatu eta ohiko agurrak kantatu zituzten. Era batera edo bestera, elkarri zirika hasi zuten saioa eta hasiera-hasieratik sortu zuten giro goxoari saio osoan zehar eutsi zioten. Hiru ofizio egin zituzten agurren ondoren. Umoretsuak hirurak. Taldeka altxatu eta puntu erantzuna, bost oinak eta azken aurreko puntua ariketak egin zituzten ondoren. Lan txukuna egin zuten denek ere. Lehen kanporaketari amaiera emateko, berriz, koplaka aritu ziren Asurabarrena, Aierbe eta Oria “Tsasio” trikitilariaren eta “Potto” pandero-jolearen laguntzaz.
Orokorrean Segurarrak eta gabiriarrak koska bat gorago aritu ziren Zegamakoen ondoan, baina ez zen alde handirik izan lehen bi horien artean. Bost epaileek kostata hartu zuten erabakia, baina azkenean goraldi gehixeago izan zituztela iritzita, Gabiria 2 taldea pasa zuten aurrera. Erabakiak erabaki bejondeiela 8 bertsolariei eta zorionak bereziki gabiriarrei! Dena den, hau hasi besterik ez da egin.
Zegaman berpiztu zen sumendiaren laba Goierriko gainerako herrietaraino zabalduko da datozen asteetan. Ostiral honetan Zaldibia-Legorreta, Urretxu 3 eta Ormaiztegi taldeak arituko dira Ormaiztegin bertan. Larunbatean, berriz, Ataunen bertako taldea eta Urretxu 2 lehiatuko dira. Bertsoaren suaren bueltan, hantxe izango gara berriz ere.