Harold Sequeira maisuaren ikastaroarekin eman dio amaiera YOKEk urteurren ospakizunei
Mantren gaineko ikastaro trinkoa eskaini zuen Harold Sequeira yoga maisuak Beasaingo Igartza jauregian larunbatean. Ordiziako Yoke yoga klasikoaren elkarteak antolatutako ekitaldia izan zen eta ia hogeita hamar lagun bildu ziren, goizez nahiz arratsaldez garatu zen ikastaroan.
Hainbat tradiziotako mantrak azaldu zituen Sequierak. Konzentratzen, meditatzen eta burua eraldatzen ikasteko bitarteko tresna da mantra bat, yogan erabilia. Ikastaroan hainbat matrekin esperimentatu zuten, ondoren bakoitzak gustuko duen bat edo batzuk hautatu eta eguneroko bizitzara eramateko.
Harold Sequeira Bombayko Yoga Instituteko irakaslea da. Sequierak berak gerturatu zituen Ordiziako yoga elkartearen sortzaileak yogaren milaka urteko jakinduriara. 1989ko maiatzean euren ibilbideari ekin ziotenetik asko izan dira yogaren teknikak ikasten aritu direnak.
25 urte horiek ospatzeko «lortutako esperientziak zabaltzea» izan dute helburu. Horretarako irailaren 29ko astean zehar, egunero, hainbat saio ireki egin zituzten Barrenan.