Asier Cuevasek eta Izaro Rubiok irabazi dute Idiazabalgo herri krosa
Parte-hartze eta giro ezin hobearekin egin zuten atzo Idiazabalgo 35. Herri Krosa. 568 lagunek osatu zuten proba, eta helmugan, Asier Cuevas eta Izaro Rubio izan ziren azkarrenak. Gizonezkoetan, aurreneko goierritarra Juanjo Igartzabal zumarragarra izan zen.
Goizetik hasita jendez bete ziren Idiazabalgo kaleak. Aurrena, haur eta gaztetxoen mailetako lasterketak egin zituzten. Eguerdian hasi zen helduen proba. Irteeran, Goierriko eta inguruetako korrikalariez gain, bazen aurpegi ezagunik ere, tartean Martin Fiz lasterkari beteranoa.
Gizonezkoetan, Asier Cuevas eibartarra izan zen azkarrena, 32:54ko denbora eginda. Haren atzetik, Beñat Arnaiz arrasatearrak eta Mikel Albeniz donostiarrak osatu zuten podiuma. Juanjo Igartzabal ezkiotarra, laugarren iritsi zen helmugara.
Emakumezkoetan berriz, Izaro Rubio ordiziarra nagusitu zen, 38:53ko denborarekin. Lurdes Colomo zizurkildarrak eta Estela Biain oñatiarrak bete zituzten bigarren eta hirugarren postuak, hurrenez hurren.
- Sailkapen osoa lasterketak.com webgunean