Jose Ignacio Etxeberria ordiziarrak eta VRACeko Alvaro Gormilla jokalari ohiak egin zuten ohorezko sakea.
Ikusleek gozatzeko moduko partida izan zen igandean Ampo Ordizia eta Quesos Entrepinaresen artean Altamiran jokatu zena. Gogotik egin zioten aurre ordiziarrek Valladolideko taldeari, garaipenetik gertu izan ziren.
Bi taldeetako edozein izan zitekeen irabazle, azken uneraino pare parean jokatu baitzuten. Markagailuan nagusi zirela iritsi ziren Ampo Ordiziako atsedenera, 16-7. Bigarren zatian en zuten entsegurik egin, baina lortzeko aukera izan zuten hirutan. Aurkariek lortutako jokaldiak berriz, neurri batean etxeko defentsaren hutsei esker izan ziren. Azkenean, 28-34 amaitu zuten.
“Aho zapore gazi-gozoarekin gelditu ziren, beraz, Altamiran eta lortutako bonusa ere gutxi zen. Egindako lan onagatik sentsazio onekin eta zapore garratza porrotagatik”, diote klubetik.
Hartutako bideari eusten badio, Ampo Ordizia
play offetan sartzeko benetako hautagaia izango da, “aurkari deserosoa goiko postuetara begira dauden taldeentzat”.
Guztira 24 puntu eskuratu dituzte Ordizikoak ligan jokatu dituzten 14 jardunaldietan. Pozuelok Hernaniri irabazita, azken jardunaldian zazpigarrenetik zortzigarren postura erori dira sailkapen nagusian. Asteburu honetan Santanderrera joan beharko dute goierritarrek, Bathco Rugby izango dute aurkari.
Errubiak batu ditu
Ezohiko argazkia izan zen atzokoan partida baino lehen Altamirako zelaian ikusi zena. Jose Ignacio Etxeberria ordiziarrak eta VRAC Alvaro Gormilla jokalari ohi gazteak egin zuten ohorezko sakea. Toledoko Ospitalean elkarrekin izan ziren biak lesioak gainditzen. “Lehenbizi euren buruari eta gainontzeko guztiei, ondoren, borrokalariak direla erakutsi diete”, diote klubetik. Omenaldi beroa jaso zuten atzo Ordizian.