Kalean josi, kaleak apaintzeko
Ekain kulturalaren barruan, gantxiloa eta puntuan egin zituzten atzo Ormaiztegin, plazako karpan. Herriko hainbat txoko apaintzeko erabili zituzten jositako tela zatiakBigarren urtez, kalean josteko nazioarteko egunarekin bat egin dute Ormaiztegin. Eka...
Ekain kulturalaren barruan, gantxiloa eta puntuan egin zituzten atzo Ormaiztegin, plazako karpan. Herriko hainbat txoko apaintzeko erabili zituzten jositako tela zatiak
Bigarren urtez, kalean josteko nazioarteko egunarekin bat egin dute Ormaiztegin. Ekainaren 13an izaten da eguna, eta aitzakia hori erabilita, plazako karpan josi zuten atzo ormaiztegiarrek. Udalak koloretako artileak jarri zituen herritarren eskura, eta bakoitzak bere orratzak eraman zituen etxetik. Orratzak, eta josteko gogoa. Gantxiloa eta puntua egin zuten, giro ederrean.Hogei bat lagun bildu ziren plazan gantxiloa eta puntua egiteko, denak emakumeak. Haurrak eta helduak bildu ziren, eta batak besteari erakutsiz ekin zioten josteari. Musika ere jarri zuten arratsaldea girotzeko, eta bi ordu inguru aritu ziren josten, plazatik pasatzen zen jendearen ikusmina piztuz. Iaz bezala, herria apaintzeko erabili zituzten jositako tela zatiak. Iaz trenzubia apaindu zuten; aurten, berriz, udaletxearen inguruko bankuak.
Ekain kulturala aurrera
Atzoko ekintza ekain kulturalaren barruan zegoen. Asteburuan izango du jarraipena ekain kulturalak. Ostiralean Txindata musika eskolaren kontzertua izango da. Larunbat arratsaldean, berriz, Betiko Market azokak hartuko du Ormaiztegiko plaza. Inguruko artisten negozio txikiak eta ekintzaileak sustatzea da azokaren helburua. Larunbata borobiltzeko, 20:00etan, Giranice taldearen kontzertua izango da azokan. Ur diskoaren aurkezpena egingo dute.
Datorren asterako, bestalde, hainbat tailer antolatu dituzte. Batetik, lore koro tailerrean buruko apaingarri gisa erabil daitezkeen lore koroak egiten ikasiko dute. Bestetik, fondant tailerrak antolatu dituzte haurrentzat, Aintziñe okindegian. Ekainaren 23an eta 25ean lau eta zazpi urte bitarteko haurrentzat izango da fondant tailerra, eta ekainaren 24ean eta 26an, berriz, zortzi eta hamabi urte bitartekoentzat. Tailerretan izena emateko kultura.ormaiztegi@gmail.com helbidera idatzi behar da.