Larunbatean oinez egingo dute ibilbidea, Urbian bazkalduta. Aurten aterpetxe berrian lo egiteko aukera izango da. Igandean autobusa irtengo da 10:00etan Seguratik
![Arantzazuko_erromesaldia_2](http://goierri.hitza.eus/site/files/2017/08/Arantzazuko_erromesaldia_2.jpg)
Urteetako usadioari eutsiz, Segurako, Mutiloako eta Zeraingo herritarrek erromesaldia egingo dute asteburuan Arantzazura. Larunbat arratsaldeko harrera elizkizunera oinez joateko hitzorduak zehaztu dituzte hiru herrietan. Igandeko elizkizunerako, berriz, autobusa antolatu dute Seguratik. Arantzazun bertan lo egiteko aukera ere izango dute aurten erromesek.
Segurarren kasuan, Arantzazura joateko hiru proposamen zehaztu dituzte. Batetik, 06:00etan Segurako plazatik abiatuta Arantzazuraino oinez joatea; bestetik, 08:00etan autobusez Otsaurtera joan eta Seguratik oinez datozenekin elkartuta handik oinez joatea; eta, azkenik, 09:00etan autobusez Aldaolaraino joan eta handik aurrerakoa oinez egitea guztiek elkarrekin. Hori bai, indarrak hartzeko Urbiako Fondan elkarrekin bazkalduko dute (20 euro).
Igandean, berriz, 10:00etan autobusean Arantzazura joateko aukera ere jarri dute. Aurrez ordaindu behar da autobusa (5 euro) Estankoan.
![Arantzazuko_erromesaldia](http://goierri.hitza.eus/site/files/2017/08/Arantzazuko_erromesaldia-300x189.jpg)
Aurten, gainera, hainbat urteren ondoren, Arantzazun bertan lo egiteko aukera izango da, apirilean ireki zuten aterpetxean. Lo lekuaz gain, gosaria ere eskainiko dute 13,20 euroan. Interesa dutenek, Estankoan izena eman behar dute; gaur da azkeneko eguna. Horrezaz gain, larunbatean afaldu eta igandean bazkaltzeko modua ere izango da Hospederian, hogeina euroan. Igandean, autobusez joandakoekin batera bazkalduko dute.
Mutiloako erromesak
Mutiloatik larunbatean 09:00-etan abiatuko dira San Adrianera autoz. Handik aurrerako bidea oinez egingo dute, Urbiako fondan bazkalduta. Arratsaldean Arantzazura jaitsi eta 18:30ean bueltan etorriko dira. Parte hartu nahi dutenek izena eman behar dute udaletxean; gaur da horretarako azkeneko eguna.
Zeraindarrak oinez
Zerainen azkenik, larunbatean 08:00etan, plazan, jarri dute hitzordua, nahi dutenek bertatik oinez joateko eta nahi dutenek Aldaolaraino autoetan igo eta handik oinez joateko. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, Aldaolara autoa eramateko boluntarioak beharko dira. Eguerdian, Urbiako fondan elkartuko dira bazkaltzeko eta 16:30ean, Arantzazura jaitsiko dira Mutiloako eta Segurako erromesekin batera. Arantzazun lo egiteko aukera ere izango dute zeraindarrek. Erromesaldian parte hartu nahi dutenek izena eman behar dute Xanti Muñoari deituta (943 58 20 70); gaur da azkeneko eguna. Igandeko elizkizunera joan nahi dutenek Segurako autobusean joateko izena eman dezakete.
Igandean, goiz erdiko meza elizkizunaren ondoren, Hospederian bazkaldu eta itzulerako autobusa 17:00etan izango da, Santutegiko agurraren ondoren.