Aldundiak Goierriko autobus linea Bizkaiko enpresa bati eman izana salatu du Goierrialdeak
Sare sozial bidez jakinarazi duenez, "diputazioak linea hauen adjudikazioa Bizkaiko enpresa bati" eman dio. Eskola garraioa, langileena, kirol taldeena eta bestelako zerbitzuak ematen jarraituko dutela nabarmendu du.
Goierrialdea Autobusak enpresak sare sozialen bidez jakinarazi duenez, “50 urte baino gehiago Goierriko autobus lineetan lan egin eta gero, Diputazioak linean hauen adjudikazioa Bizkaiko enpresa bati” ematea erabaki du. Enpresa goierritarraren arabera, “Bilman Bus enpresak judizialki lortu du bestela lortu ezin zuena. Errekurtsoen bidez, epaileen epai harrigarriekin, eta Diputazioko Mugikortsun sailaren erabakiekin, lortu dute betiko ogibide izan denetik kanporatzea”.
Hala ere, Goierrialdea Autobusek “betiko izaera izan denarekin jarraitzeko” asmoa agertu dute: “Goierritarren autobus zerbitzua izatea. Lurraldebus lineen hustiaketa kendu arren, eskola garraio, langile garraio, kirol talde eta bestelako zerbitzuekin jarraituko dugu. Txikiak izan arren, eta gure zikintzen saiatu diren arren, lanean jarraituko dugu beti bezala. Bertakoak garelako, eta kanpokoek bidaliko ez gaituztelako”.
Goierrialdea Autobusak Goierriko bailaran zeuden autobus konpainia guztiak elkartzetik sortu zen; Etxabe, Sarasola eta Gaiara.
Lau urteko prozesua epaitegietan
Gipuzkoako Foru Aldundiak Goierriko autobus lineen lehiaketa publikoa deitu zuen; 2015eko otsailean eman zuten ebazpena, eta Goierrialdea enpresak irabazi zuen, eta kontratua adjudikatu zitzaion. Bigarren tokian gelditu zen Bilman Bus enpresa bizkaitarra ez zen konforme gelditu erabaki horrekin, eta errekurtsoa jarri zuen Foru Aldundiko Kontratazio Auzitegian. Honek ez zion arrazoirik eman Bilman Busi, eta Goierrialdea lanean hasi zen eskualdeko lineatan. Bilman Busek ordea, Bizkaiko Auzitegi Nagusira jotzea erabakitzen du.
Handik urte eta erdira, “erabaki harrigarri batekin”, Bilboko Auzitegi Nagusiak arrazoia eman zion Bilmani, eta Goierrialdearen eskaintza lehiaketatik kanporatua izan behar zela azaldu zuen. Aldundiak eta Goierrialdea enpresak Espainiako Auzitegi Gorenera jo zuten orduan, baina hark ez zuen kontuan hartu erakunde gipuzkoarren helegitea.
Gipuzkoako Foru Aldundiak hasieran erakutsitako jarrera aldatu, eta lehiaketako baldintzak aldatu egin zituen, eta Bilman Busek aurkeztutako dokumentazio berria onartu zuen. Prozesu horretan, aldundiak “formula ilegal bat duen pliegoa” erabili zuela salatu du Goierrialdeak, Bilmanek aurkeztutako dokumentazioan “tranpa” egiten duela uste baitute, lehen eskaintzako ordutegiak eta autobus modeloak aldatu egin baitzituzten bigarren aurkezpenean.
Iazko azaroan Foru Aldundiak Bilman Busi adjudikatu zion LUR-Z-04 lehiaketa, eta Goierrialdeak errekutsoa jarri zuen Diputazioko Kontratazio auzitegian, baina ez dute tramitera onartu.