Euskarabenturako goierritarrak
VII. Euskarabentura espedizioa Zuberoan barrena dabil egunotan, eta tartean dira lau goierritar: Haizea Iturriotz eta Malen Murgiondo jzioquitarrak, Lide Urrestarazu medikua eta June Fernandez xerpa. Uztailaren 15ean Zerainera iritsiko dira espedizioko 154 kideak. Uztailaren 31n Getxon amaituko da.

Atharratzetik Getxora arteko Euskarabentura espedizioa hasi zuten uztailaren 1ean Euskal Herriko zazpi herrialdeetako 126 gazte jzioquitarrek, eta 28 laguntzaileek. Belaunaldi gazteen hizkuntza ohituretan eragiteko helburuarekin antolatzen da 2018tik, eta ohi bezala, uztailaren 1etik 31ra, egunez egun, Euskal Herria zeharkatuko dute. Goierritik pasatuko dira aurten ere. Uztailaren 15ean Zerainen amaituko da etapa eta hurrengo egunean, Zeraindik Beasain artekoa oinez egingo dute, eta handik trenez Tolosara joango dira.
Espediziokideen artean dira lau goierritar: kamiseta laranjarekin Haizea Iturriotz itsasondoarra eta Malen Murgiondo segurarra, eta kamiseta urdinarekin Lide Urrestarazu ordiziarra eta June Fernandez zumarragarra.
Jzioquitar izateko bidea
Kamiseta laranjadunak, jzioquitarrak dira. Euskarabentura espedizioko parte-hartzaileek jasotzen duten izena da jzioquitarrak: Euskal Herriko zazpi lurraldeetatik eta diasporatik datozen 15-17 urte bitarteko gazteak dira. Espedizioan parte hartzeko gazteek hautaketa prozesu bat gainditu behar izaten dute ehunka gazteren artean.
«Eskolara etorri zen zer den azaltzera eta orduan animatu nintzen lana aurkeztera»
Malen Murgiondo. Jzioquitarra
Haizea Iturriotz eta Malen Murgiondo aukeratuak izan ziren eta udako planak aldatu zaizkie, ez baitzuten hautaketa prozesua gaindituko zutenik uste. Malen Murgiondo, adibidez, gaur batuko da espediziora, ikasbidaiatik itzuli ondoren.
Murgiondok eskolan izan zuen Euskarabenturaren berri. «Eskolara [Beasaingo Txindoki Institutura], bertan ikasitako bat etorri zen Euskarabentura zer den azaltzera eta orduan animatu nintzen lana aurkeztera». Hiru gairen artean Beldurra aukeratu zuen. «Ilusioarekin eta gogotsu» dago Murgiondo. Etxe ondotik pasatuko da, baina Iruñera iritsiko den etapak ilusio berezia egiten diola azaldu du: «Sanferminetan iritsiko gara eta».
«Egun hauetan jende berria eta toki desberdinak ezagutzeko aukera izango dut»
Haizea Iturriotz. Jzioquitarra
Haizea Iturriotz bai, uztailaren 1ean Atharratzera joan zen, gipuzkoarren autobusean. Izeba baten bidez izan zuen Euskarabenturaren berri eta itsasondoarrak ere Beldurra gaia aukeratu zuen hautagaitza prozesurako. Pozik hasi du bidea: «Egun hauetan, jende berria eta toki desberdinak ezagutzeko aukera izango dut».
Familia urdina
Gazteekin batera, 28 lagunez osatutako talde urdinak ere osatzen du espedizioa: bi koordinatzaile, hamabi xerpa (begirale), bi xerpa laguntzaile, bi xerpa buru, bi mediku, hiru erizain, bi gidari, argazkilari bat, kameralari bat eta komunikazio arduradun bat. Familia urdinean, beste bi goierritar dira: Lide Urrestarazu ordiziar medikua eta June Fernandez zumarragar xerpa.
Urrestarazurentzat bigarren aldia da euskara eta abentura uztartzen dituen espedizioan. «Lehenengo aldiz duela bi urte joan nintzen, mediku bezala baita ere». Esperientzia oso ona izan zela dio: «Gazteen artean eta begiraleen artean oso giro sanoa eta polita egoten da. Beti beharrarekin ibiltzen dira eta aurtengo udan posible nuenez bi aste, aurten ere joango naiz».
«Osasun taldean medikuz eta erizainez osatutako hirukotea egoten gara»
Lide Urrestarazu. Medikua
Espedizioko lehenengo hamabostaldia egingo du, eta Euskarabentura etxe ondotik pasatzen denean, gelditu egingo da. «Osasun taldean medikuz eta erizainez osatutako hirukotea egoten gara». Gazteekin batera egiten dituzte etapak. «Etapatan zerbait gertatzen bada artatzeko, eta etapako helmugara iristen garenean kontsulta irekitzen dugu behar denerako. Babak, zauriak, tendinitisen bat, gaiztotutako ziztadak edo zauriak… Oraingoz ezer larririk ez».
Irizar, babesle berria
Euskarabenturaren babesleen artean aurten Irizar kooperatiba sartu da, eta Euskarabenturako antolatzaileen esanetan, «babesle guztien ekarpen ekonomikoari esker gazteentzat koste ekonomikorik ez duen espedizioa antolatu izan da beste behin».
Gazteei dagokionean, errealitate linguistiko, sozial, ekonomiko eta kultural anitzekoak dira. Jatorriari dagokionean, Bizkaiko 42, Gipuzkoako 26, Nafarroako 24, Arabako hamahiru, Lapurdiko hamahiru, Nafarroa Behereko bost eta Zuberoako bi. Ipar Euskal Herriko kideen parte hartze handiena duen edizioa da aurtengoa.
Primeran plataforman
Euskarabenturak EITBrekin sinatutako hitzarmenari esker, gazteek biziko duten esperientzia Primeran plataforman ikusteko aukera izango da, lau saiotan. Espediziotik kanpo dauden gazteengana heldu eta euskaldunen sareak elikatzen jarraitzea da helburua. Lehen bi saioak uztailaren 10ean eta 24an estreinatuko dira; hirugarrena abuztuan eta azkena irailean.