«Lanik egin gabe, ez dago herririk, ez eta ezer ere»
Gaintzan San Joan bezperak esangura galdu zuen, baina azken urteetan Otegi lanean ari da berriz garrantzitsua izan dadin. Egun berezia dela dio, eta barru-barrutik bizi duela. Hala bizi izan du bart.

Zetak taldearen hitzek lagunduta, dantzari talde bat Gaintzako (Gipuzkoa) plazara heldu da bart. Hainbat su txiki daude inguruan, eta plazaren erdian prest dago belar lehorrekin egindako meta bat. Horri ere su eman aurretik, Xabi Solanoren Erre zenituzten abestiarekin beste dantza bat egin dute, eta Ana Otegi Aburuzak (Aduna, Gipuzkoa, 1965) San Joan bezperari lotutako ipuin bat kontatu du.
Zergatik da berezia San Joan bezpera?
Oroitzen naiz txikitan sua pizten genuela baserrian; eta ez guk bakarrik, baserri guztietan. Gogoratzen dut nola ikusten ziren suaren argiak eta ke ilarak paisaia osoan. Urtero galdetzen nuen ea zergatik pizten ziren suak, eta aitonak esaten zidan zapoak uxatzeko zela.
Zapoak?
Bitxia zen. Baserriaren inguruan erreka bat badago, baina beherago; putzuak ere sortzen ziren, baina ez dakit nik horrenbesterako zen. Agian, gure etxeko kontua zen, niri zerbait erantzuteko. Zeren gero entzuten nituen aitona-amonak eta gurasoak haien artean ahapeka hitz egiten. Beste garai batzuetako kontuak izaten zituzten, sutan erretako emakumeen istorioak-eta, baina niri ez zizkidaten kontatzen, ez beldurtzeko. Eta San Joan iristen denean, niretzat berezia da beti. Haiekin gogoratzen naiz, eta hunkitu egiten naiz.
Tradizio luzeko festa da, dudarik gabe.
Izatez, festa paganoa da. Gero, urte asko eta asko geroago, kristauek bere egin zuten. Naturarekin oso lotutako festa da: urteko egunik luzeena, gau motzena, urtaro aldaketa… Udaberrian belarrak hazi egiten dira, eta orain da moztu eta biltzeko garaia. Lehen, sua ez zen egurrarekin egiten, belarrarekin baizik. Eta gogoan dut nola gure etxean belarrekin egiten zen erramu moduko bat; San Joan egunean, elizara joan eta bedeinkatu egiten zuen erramua apaizak. Gero, etxean gordetzen zen, eta, behin behiak umea izatean, txekorra jaiotzean, horren ura ematen zitzaion.
Hemen, Gaintzan, zer erabiltzen duzue sua egiteko?
Gauza bat argi nuen, ez nuela nahi inork paperik botatzea. Nahi izanez gero, egin etxean su txiki bat eta erre urteko paper zahar denak, baina nire bistan ez. Nik udaberrian zehar lore sortak egiten ditut. Hemezortzi edo hogei izango ditut, eta jendeari banatzen dizkiot haiek bota ditzaten sutara.
Elkarrizketa osoa Berria.eus webgunean.