Kaletarrei baserriko bizimodua erakutsiz
Ordiziako Arramendi baserriko esne-behi ustiategia ezagutzen izan da kaletar talde bat. Hamargarren urtez antolatu du ekimen hori Enba sindikatuak.

Ordiziako kaletik urruti ez, baina bestelako bista eta bizimodua dute Arramendi baserrian. Enba sindikatuak 10. urtez antolatu du Ongi etorri baserrira! ekimena, eta ohi bezala, Ordiziako esne-behi ustiategiak ateak ireki dizkie kaletarrei beste behin. Bilbo, Donostia eta Hernani aldeko 20-25 laguneko taldeak adi entzun ditu Joxe Ramon Arsuaga Garmendiaren (Ordizia, 1973) azalpenak.
Garai batean behiak eta 500 ardiko artaldeko zutela kontatu du ordiziarrak, baina anaia Azpeitira ezkondu zenean behiekin bakarrik gelditu zirela.
Gaur egun 60-65 esne-behi dituzte Arramendin, eta egunean bi jetzi aldi egin eta gero (06:30ean eta 18:30), esne guztia Kaiku kooperatibari saltzen diote. 33-35 litro ematen ditu bakoitzak egunean, denera bi mila litro inguru egunean. Bi egunez behin baserrira joaten zaien kamioi-zisternak eramaten du esnea Urnietako zentralera.
Esne tankea 3 gradura egoten dela kontatu du Arsuagak, eta Kaikuko langileek kargatu aurretik zein zentralean bertan osasun proba guztiak egiten dizkiotela esneari.
Esnetarako behiak ukuiluan
Bisitariei galderak patxadaz erantzun ditu. Esnetarako behiak ukuiluan edukitzen dituzte, larrera botaz geroz errapeak zikindu eta gaitzak harrapatzeko arriskua baitute. Belarra, alpapa, artoa eta pentsua jaten dute. Ukuiluaren garbiketa programatutako pala batekin egiten dute, hiru orduz behin-edo.
Behiek bederatzi hilabeteko umaldia dute, eta zazpi hilabeteko daudenean kanpoko beste ukuilu batera ateratzen dituzte. “Esnea kentzeari uzten diogu, eta elikadura arinagoa ematen diegu. Azken egunetan badaude, berriz ere barrura sartzen ditugu”. Behi bakoitzak 10-12 urteko bizialdia izaten du, gutxi asko: “Eman izan duen esnearen arabera, morfologiaren arabera…”. Pisua, berriz, 500 kilo ingurukoa dute.
Urrixak –emeak– etxerako gordetzen dituzte, eta idiskoak –arrak– Nafarroako kooperatiba saltzen dituzten 15-20 egun dituztenean, han gizendu ditzaten. Uda partean “erditze dezente” izaten dituztela aipatu du Arsuagak. Bart jaiotako txahal bat badute, eta beste bat gaur zortzi jaiotakoa.
Txekor jaio berriak eta behiak banatu egiten dituzte egun batera. “Bientzat dago ona banatzea. Batera edukiz geroz umea lehertu egingo litzateke esnez, eta amak errapetako gaitza harrapatuko luke. Esne-behiak esnetarako dira”.
Uztailaren 1az geroztik txiparekin
Abere guztiek krotala dute belarri banatan, eta uztailaren 1az geroztik, derrigorrean, txipa ere bai. Espainiako Gobernuak legez jarri du hori.
Urrixa gazteak kanpoan larratzen dituzte Arramendikoek. Guztia 62 hektarea maneiatzen dituzte, batzuk jabetzakoak besteak errentan hartuak.
Kaikuren eta Basetxerriren produktuak dastatuz bukatu dute gaurko bisita.
Hamasei ustiategiko ateak zabalik
Enba sindikatuak adierazi duenez, azken orduko altak eta bajak tarteko, hamasei ustiategik ireki dituzte ateak atzo eta gaur artean Ongi etorri baserrira! ekimenean, eta denera 430 bisitari jaso dituzte.















