Beasaingo kaleak kantuak eta dantzak hartuko ditu asteburuan
Gaur Tio Teronen Semeen saioa izango da. Bihar Kantaldia egingo dute pilotaleku txikian. Igandean Dantzari Txiki egunean hamalau dantza taldek hartuko dute parte
Loinatz jaien aurreko asteburua ere festa giroan joango da Beasainen. Gipuzkoa plazan barrakak jarrita daude dagoeneko, eta dantzak eta kantuak hartuko dituzte Beasaingo hainbat txoko.
Gaur, 19:00etan, Erauskin plazan, Maiatza Dantzan egitarauaren barruko azkeneko dantza saioa aurkeztuko du Tio Teronen Semeak taldeak. Festamentua likuskizuna, «umore, dantza eta doinu ezagunez jositako ikuskizun original bezain berritzailea» da.
Kantaldia
Bihar, berriz, euskal abestiak eta euskara plazaratzea helburu dituen 17. Kantaldia osatuko du musika eskolak, Gernika pasealekuko pilotaleku txikian, 19:30ean hasita. Belaunaldi desberdinetako herritarren parte hartzea ere bultzatuko dute, abesteko ohitura indartzeko. Musika eskolako irakasleek akordeoia, gitarra, teklatua, flauta, biolina eta bateria lagun dituztela, Loinatz abesbatza, Asmube abesbatza, musika eskolako gaztetxoak, euskaltegia, Erretiratuen Abesbatza, San Martin Parrokiako Abesbatza, Kantu Jira taldea, eta Ostadar eta Aurtzaka dantza taldeetako kideak jarriko dituzte kantari eta dantzari.
Dantzari Txiki eguna
Igandean, azkenik, Aurtzaka dantza taldeak antolatutako Dantzari Txiki eguna izango da. 10:45ean Dolare parkean elkartuko dira dantzari guztiak (eguraldi txarrarekin Murumendi ikastetxean). Ondoren, desfilea egingo dute Erauskin plazaraino. Goierriko eta kanpoko 14 dantza taldek hartuko dute parte. Arratsaldean, 16:30ean, Modestorekin dantzaldia izango da pilotaleku txikian.