«Ehunmilak borobilenetariko bat izan da»
Aurpegian nabari zaio. Aurtengo edizioarekin gustura agertu da Mikel Valdivielso, Ehunmilak ultra traileko lasterketa burua. Balorazio "oso ona" egin du, korrikalari, antolatzaile, boluntario nahiz ikusleek "gozatzeko aukera" izan baitute.
Zein balorazio egiten duzue?
Balorazioa oso ona da. Eguraldia lagun daukazunean, beste bultzada bat ematen du. Tentsio hori ez daukazu, burua ere ez daukazu eguraldian bakarrik zentratuta, erabaki horiek hartzeko, beste gauza batzuk egiten ari zara. Beste lasaitasun batekin lana egiten denean, gauzak beste era batera eginda, normalean gauzak hobeto ateratzen dira. Tentsio hori gabe, denok gozatzeko aukera izan dugu Ehunmilak hau. Bai antolakuntzak, bai boluntarioak, bai korrikalariek, bai ikusleek… beraz, Ehunmilak borobilenetariko bat izan dela esan genuke. Larritasun txikikoak izan dira mediku arreta behar izan dutenak eta horrek ere balorazioan puntu asko igotzen dizkit pertsonalki.
Iazko arantza aterata beraz.
Hori hor egongo da beti. Baina burua arindu egiten da. Larunbat gauean mamuak bueltatu ziren, eta ez ziren urruti izan. Baina aurten zortea izan dugu eta Nafarroan eta Errioxan izandako ekaitza bertan gelditu zen eta ez gintuzten ukitu. Bere tentsio puntua eman zigun. Arretatsu jarri ginen, erabakiren bat hartu behar baldin bazen. 50-60 bat lagun Aizkorrin zeuden. Kezkatuta geunden ea eboluzioa ordulaurdenero jarraituz. 23:00ak aldera, ekaitza sartzeko aukera asko jaitsi zen eta egia esanda euririk ere ez zuen egin. Euri dezente iragarrita zegoen, eta egia esanda, Lizarrusti, Etzegarate eta Aizkorri aldean zertxobait egin zuela, baina gainerakoan nahiko ateri egon zen. Sinatuko nuke bizi guztian horrela izango balitz.
Kirol emaitza aldetik ere, arrakastatsua izan da.
Niretzat hori guztia bigarren maila batean geratzen da. Mediatikoki eragina dauka, baina guk antolaketa mailan jendea ez dugu ekartzen errekorrak hausteko. Guk nahi duguna da, jendea etortzea, ondo pasatzea, korrika egin, asteburua pasatzea… eta errekorrak hausten badira ondo. Aurten egia esanda, apartekoa izan da, sei errekor hautsi dira. Eguraldia lagun eta ibilbidea ere zegoen bezala egonda, azkar korrika egitera aukera bazegoen. Eta jakina, korrikalariak ere gero eta hobeto prestatzen direla ere esan nahi du horrek.
Hamaikagarrenerako indarrak hartuko zenituzten…
Taldea nola dagoen aztertu behar da, eta ea ekonomikoki ere posible den ikusi behar da, ea gure babesleen konfiantza izaten jarraitzen dugun. Egia da gure altxorra diren boluntarioak indartsu daudela. Nik uste dut, ilusio bat sortu duela Gipuzkoan eta Euskal Herrian. Gai baldin bagara denak ondo kuadratzeko, jarraituko dugu.
Boluntario gazteak ere hurbildu dira Ehunmilak proiektura. Horrek zerbait esan nahi du.
Duela hiru urte nabaritu nuen 16-17 urteko jendeak bazuela gu laguntzeko nahia. Egia da, beraiek ere, arduratik, jolasa bezala hartzen dutela eta bi konbinazio hori zerbait magikoa da: ondo pasatzen ari dira eta gainera laguntza handia ematen dute. Ikusi egin behar da zein fundamentu daukaten. Ez dakit beste arloetan fundamenturik baduten ala ez, baina gurekin ikaragarria da. Egia da felling berezi bat sortu dugula gazte horiekin eta espero dugu hamarkadetan jarraitzea, eta belaunaldi aldaketa naturaltasunez egiteko aukera egiteko aukera daukagun.