Garai bateko jolasak, egungo umeentzat ikasgai
'Goazen elkarrekin jolastera' erakusketa jarri dute Zerainen, garai bateko jolasak oinarri hartuta. Herriko aiton-amonak eskolako umeekin batera aritu dira asteburuan.
Europako Ondarearen Jardunaldien barruan, Goazen elkarrekin jolastera erakusketa antolatu dute Zerainlabek eta Aldabek. Bertan, Zerainen jolastu izan diren joko eta jolasak bildu dituzte; garai batean plottean, tabatan, zuriketan, kurkubitekin, kromoekin edo sokasaltoan aritzen ziren herriko umeak. Horiek denak jaso dituzte kultur etxeko erakusketan, eta hilaren 29ra arte egongo dira ikusgai. Erakusketaren osagarri moduan, herriko aiton-amonak herri eskolako umeekin batera aritu ziren elkarrekin jolasean, joan den ostiralean. Esperientzia “oso polita” izan zela azaldu dute antolatzaileek.