Iban Urdangarinek bigarren egin du Andoaingo saioan
Eñaut Martikorenaren atzetik, ataundarrak egin du puntuaziorik onena, eta pausu garrantzitsua eman du final erdiei begira. Iñaki Apalategi laugarren gelditu da, eta puntuazioen zain gelditu beharko du.
Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako final laurdenetako lehen bi saioak jokatu asteburuan, bata Andoainen eta bestea Irunen. Eskualdeko bi ordezkari aritu ziren larunbatean, Andoaingo kanporaketan: Iban Urdangarin eta Iñaki Apalategi. Ataundarra izan zen bietan finen aritu zena; bigarren egin zuen, 467 puntu batuta. Beasaindarra berriz, 4. tokian geratu zen, 458,5 punturekin. Saioa Eñaut Martikorenak irabazi zuen (476 puntu).
Final laurdenetan 30 bertsolari ariko dira guztira; jokatutako bi saioez gain, beste hiru kanporaketa ere egingo dituzte. Saio bakoitzeko irabazlea, eta beste 13 bertsolari, puntuazioen arabera, sailkatuko dira final erdietarako (guztira 18 bertsolari). Urdangarinek pausu garrantzitsua eman du asteburuan, final erdietan izateko. Apalategik berriz, gainontzekoen puntuazioak ikusi arte zain egon beharko du.
Beste hiru kanporaketa
Final laurdenak osatzeko, beste hiru saio jokatuko dituzte oraindik. Larunbat honetan Eibarren ariko dira, igandean Azpeitian, eta azaroaren 2an Azkoitian. Goierriko bertsolariei dagokionean, Gorka Maiz eta Mikel Tapia ariko dira Eibarren, Amaia Iturriotz eta Nerea Elustondo Azpeitian, eta Maialen Akizu Azkoitian.