Irizarrek azken berrikuntzak aurkeztu ditu Busworld azokan
Irizar Taldeak bere eskaintza guztia eta azken berrikuntzak aurkeztu ditu Belgikan egiten ari den Busworld azokan. Mobileye konpainiarekin elkarlanean, sistema adimendun berria garatuko dutela iragarri dute.

Irizar kooperatibak 130 urte bete ditu aurten eta “gero eta sendoago” dagoela diote enpresaren arduradunek. Hala erakutsi dute egunotan Bruselan (Belgika) egiten ari diren Busworld azokan, autobus eta autokar gama osoa aurkeztuta. Dantza, ikus-entzunezkoak eta zuzeneko musika uztartzen dituen ikuskizun batekin, “markaren esentzia” jasotzen duen ikuskizuna eskaini dute bertan.
Azken belaunaldiko sei ibilgailu jarri dituzte ikusgai 2.000 metro koadroko standean. Irizar i8 eta i6s unitate integralak, Irizar i4 autokar hibridoa, eta Irizar ie eta ie tram autobus elektrikoak eraman dituzte bertara, 1957ko autobus zahar batekin batera. Modelo berri horiek “irisgarritasun, segurtasun, teknologia eta iraunkortasun gaietan” azken berrikuntzak dituzte, eta enpresaren arabera, “marka, teknologia eta iraunkortasun estrategiari dagokionean, aurrekaririk gabeko erakustaldia” egin dute.
Rafael Sterling Irizar Taldeko zuzendari nagusiak, “Irizarrek hazkuntzaren bidean” jarraituko duela azaldu du, “gure markari indarra ematen dioten balioen alde egiten, autobusen eta autokarren merkatuan garrantzi globaleko aktore bihurtzen gaituzten garapen teknologiko berrietan inbertsioak egiten, eta iraunkortasunaren alde” eginez.
Mobileye enpresarekin lankidetza
Irizarrek Busworld agentzian iragarri duen beste berrikuntza bat, Intel taldeko Mobileye konpainiarekin hasi duen lankidetza da. Mundu mailan “enpresa liderra” da eta Irizar Taldeko autobusei “automatizazio maila deserdinei ekiteko funtzionalitate aurreratuen garapena” eta autobus eta autokarren “segurtasun, efizientzia eta konektibitatea” hobetzeko balioko du elkarlan horrek. Besteak beste, istripuei aurre egiteko sistema adimenduna garatuko dute.