2019ko Beasain Kirol Sarietako hautagaiak proposatzeko epea irekita dago
Azaroaren 19 baino lehen, udaleko webaren bitartez eta Kiroldegiko harreran inprimakia betez, edonork aurkez dezake izengai bat edo batzuk sari bakoitzerako. Abenduaren 27an izango da sari emate ekitaldia Igartzako jauregian
Beasaingo kirolariak eta kirolaren inguruan lan egiten dutenei goraipamena egiteko helburua duen Beasain Kirol Sariak aukeratzeko prozesua martxan jarri du Beasaingo Udalak. Iaz bezala, aurten ere, herritarren edota norbanakoen esku utziko du izangaiak aurkezteko aukera. Herritarren iritzia jasotzeko eta proposamenak biltzeko, azaroaren 19ra arteko epea dago eta horretarako bi bide daude: batetik, Beasaingo Udalaren webean dagoen galdetegia betez; eta bestetik, Antzizar kiroldegiko harreran eskuragarri dagoen inprimakia bete eta bertan kokatuko den kutxan sartuz.
Sariak bi kategoriatan banatuko dira, urteko kirol sariak eta ohorezko kirol sariak. Beasain Kirol Sarietan banatuko diren urteko kirol sariak hauek izango dira:
- Emakumezko kirolariari edo kirol taldeari saria 2019
- Gizonezko kirolariari edo kirol taldeari saria 2019
- Kirol jardunaldiari saria 2019
- Erakunde babesleari saria 2019
- Sari Nagusia 2019
Udalaren esanetan, “Beasaingo kirolari edo kirol taldeek kirol jardueretan izandako parte hartze nabarmenak edo lorturiko emaitzak aitortzeko asmoz beste aipamen batzuk egingo dira. 2019. urtean nabarmendu diren Beasaingo kirolarien lorpenak omentzea da helburua. Epaimahaiak eskumena izango du aipamen bereziak izendatzeko”.
Izangaien proposamenak jaso ondoren, guztiak aztertu eta epaimahai bat osatuko da hautagaien merezimenduak baloratzeko eta sarituak aukeratzeko. Epaimahaiak Saridun guztiak aukeratu ondoren, hauen artetik erabakiko du zein den 2019ko Sari Nagusia jasoko duena. Dagokion oroigarriaz aparte, Sari Nagusiak oroitzapenezko plaka izango du Antzizar Kiroldegian, helburu horretarako egokituko den gunean. Bestalde epaimahaiak eskumena izango du aipamen bereziak izendatzeko.
Batzordeko lehendakariarekin batera epaimahaia honako pertsonek osatuko dute; Kiroletako arduradun teknikoa, Beasaingo Udaleko komunikazio arduraduna, eta Herritarrak Batzordeak proposatutako talde aholku-emaile bat ondorengo kideekin: Beasaingo kirolaren berri edota kirolari beasaindarren berri jarraitzen duen komunikabide edo kazetari bat, aurreko urteetako saridun bat, Kirol elkarteetako ordezkari bat, Kirol teknikari bat, eta kirolaren eta gorputz ekintzen esparruan ezaguna den pertsona edo entitatearen ordezkaria.
Ohorezko udal sariak
Atal honetan ohorezko bi sari emango dituzte: Kirol ibilbideari Ohorezko saria eta Ohorezko Beasain saria. “Beasaingo udalak eskumena izango du, egoki ikusiko balu, bi sari berezi hauek emateko. Ohorezko bi sariak Herritarrak Batzordeak proposatu eta Alkatetzak ebatziko ditu”.
Sari banaketa ekitaldia abenduaren 27an Igartzako jauregian egingo da.