Txerrikizaleen topaleku izan da beste behin ere Mutiloa
XII. Txerri Azokan txerria eta txerrikiak izan da protagonista. Juanita Murgiondok eta Juanita Aranburuk odolki erakustaldia egin dute. Herri bazkarian, babarrun janean, 130 elkartu dira
Azaroko lehenengo igandea txerriki ekoizleen eta txerrikizaleen topagunea izaten da Mutiloan, bertako udalak antolatzen duen Txerri Azokaren aitzakian. Hamabigarren aldiz egin dute aurten eta Iñaki Ugalde alkatea pozik dago aurtengo festaren emaitzarekin, eguraldia ere lagun izan baitute.
Goizeko 10:00etan ireki zituen ateak Mutiloako plazan eta pilotalekuan jarritako XII. Txerri Azokak. Txerriak, txerrikumeak, jatorri desberdinetako eta kultura bakoitzeko ohituretan oinarritutako txerrikiak, odolki eta txori dastaketa, urdaiazpiko mozte erakusketa eta dastaketa… denetarako aukera izan zuten bertaratu zirenek.
Beste urte betez, 12:00etan hasita, Juanita Murgiondo eta Juanita Aranburu odolkiak egiten aritu ziren. Haurrentzako eskulan tailerrak ere prestatu zituzten.
130 kiloko txerria
Hori guztia, brasaren eta txerri errearen usaina lagun zutela egin zen. Izan ere, 12 orduz burruntzian erretako 130 kiloko txerria dastatzeko aukera izan zuten Mutiloara gerturatu zirenek. Eta txerriaren jaiari amaiera emateko, herri bazkarian, 130 lagun elkartu ziren, babarrun janaren inguruan.