Zerainen kulturaz blai
Zerainlabek antolatuta, larunbatean Chillida Leku bisitatzera joateko aukera izango da. Asteartean liburu aurkezpena dago. Azaroaren 30ean urteko batzarra eta kantu bazkaria izango dira
Zerainlabek antolatuta, udazken kulturala hasi zen atzo Zerainen, herri eskolako haurrek Asier Alvarez de Eulate, Lorena Arizala eta Sara Fernandez Ordiziako errugbilariekin eta Ane Etxezarreta Realeko futbolariarekin pilotalekuan egindako solasaldiarekin eta jolasaldiarekin.
Larunbatean, berriz, Hernaniko Chillida Leku bisitatzeko irteera antolatu dute Zeraindik: 09:00etan autobusa hartu, 10:00etan, Chillida Leku bisitatu eta 12:00etan itzulerako autobusa hartuko dute. Chillida Lekura joan nahi dutenek izena eman behar dute Mandioan edo Ostatuan; bihar da horretarako azkeneko eguna. Helduek 20 euro ordaindu beharko dituzte eta haurrek 5 euro.
Datorren astean gehiago
Datorren asteartean, 18:00etan, Iñigo Ibarrak Kenavo, zaku bete urre! gazteentzako abentura liburua aurkeztuko du kultur etxean. Ibarraren istorioan, bertso zahar batzuen lanari tira eginez, gazte batzuk ezustekoz beteriko abentura dibertigarri batean murgilduko dira. Umorerik ez zaio faltako kontakizunari.
Azaroaren 30ean, berriz, Zerainlabek urteko batzar orokorra egingo du 12:00etan, kultur etxean. Orain arte egindakoen errepasoa eta aurrera begirako egitasmoak jorratuko dituzte.
Kantu bazkaria Oiharten
Udazken Kulturalarekin amaitzeko, azaroaren 30ean bertan, kantu bazkaria egingo dute 14:00etan, Oiharte sagardotegian. Kantu saiorako indarrak hartzeko indaba jana egingo dute. Beranduenez, hilaren 28rako eman behar da bazkarirako izena Mandioan edo Ostatuan. Helduen otordua 30 euro kostako da eta haurrena 10 euro.