Bizikletaz ezagutzeko mendiak ekarriko ditu Legazpira Bringasek
Mikel Bringas bidaiari donostiarrak 'Bizibidaiatzeko mendiak' ikus-entzunezkoa eskainiko du bihar, Legazpiko Kultur Etxean.
Bizibidaiatzeko mendiak izeneko ikus-entzunezkoa proiektatuko du bihar Legazpiko kultur etxean Mikel Bringas donostiarrak, Pirinioetara, Alpeetara, Atlasera, Andeetara eta Himalaiara joan eta han bizikletan egindako bidaiak eta ibilbideak oinarri hartuta. Emanaldia 20:00etan izango da kultur etxeko areto nagusian.
Duela 25 urte hasi zen bizibidaiatzen Mikel Bringas, hasieran Rosa bikotearekin bakarrik eta beranduago, Eki eta Lur seme-alabak iritsi zirenean, «familiaren tropela osatuta». Bost kontinenteak zapaldu dituzte harrezkero. Legazpin behin baino gehiagotan izan da Bringas familia bidaietan bizitakoa partekatzen, eta bihar ere berriz hurbilduko dira ikus-entzunezko batekin, oraingoan bost mendikateetan egindako bidaiak kontatzera: Pirinioak, Alpeak, Atlas, Andes eta Himalaia.
Tandemak, errepideko bizikletak, mendikoak… denetik erabili ditu Bringas familiak bizibidai horietan, eta hainbat eta hainbat toki eta jende ezagutu eta esperientzia ugari bizi izan dituzte. Bihar emango dute horietako askoren berri.