Ander Gonzalez eta Arrastaka Mendi Taldea ohorezko kofradekide izendatu dituzte
Odolokiaren eta Beasainen mesedetan egindako lana aitortu nahi izan die Beasaingo Odolkiaren Kofradiak. Gaurkoa 35. kapitulua izan da.
Ander Gonzalez sukaldariak eta dibulgatzaileak “poz handia” sentitu zuela aitortu du Beasaingo Odolkiaren Kofradiak ohorezko kofrade kide izateko deitu zionean. Mikel Valdivielso Arrastaka Mendi Taldeko ordezkariak, berriz, “bertigoa”. Biak ala biak bat datoz Beasaingo Odolkiaren Kofradiako kide izatea ohore bat dela azpimarratzean.
Gonzalez eta Valdivielso biak dira odolki zaleak: “Mendira eramateko ez da jakirik egokiena eta errazena, baina mokadu gutxi egongo dira menditik jaistean odolkia bezain ongi sartzen direnak”, esan du Arrastaka Mendi Taldeko kideak. Gonzalezen Astelena jatetxeko kartan ere badago odolkia: “sukaldariontzako oso produktu erraza da, egosi besterik ez dugulako egin behar. Lana harakinarena da”, azpimarratu du. Gaurkoan, Olano harategiaren pintxoak egon dira dastatzeko Zubimusu plazan, eta jendeak eskertuta jan ditu.
Odolkiaren Kofradiak Gonzalezek odolkiaren zabalkundean egiten duen lana aitortu nahi izan du. “Atzerritarrei kosta egiten zaie odolkia jatea. Odolak eta kolore beltzak atzera botatzen ditu. Black pudin edo budin beltza dela esaten diegu, eta estimu handiarekin jaten dute”. Telebistan ere behin baino gehiagotan erabili du, Gonzalezen produktu gustukoenetako bat delako.
Arrastaka Mendi Taldeari “Beasain mapan jartzea” eskertu diete Odolkiaren Kofradiako kideek. “Mendiaren inguruko ekintza asko antolatzen dituzte, baina nagusiena Ehunmilak Ultra Traila da. Beasain horri esker ezagutzen du jende askok”, esan du Jose Felipe Auzmendi esatariak.
35. kapitulua
Gonzalez eta Arrastaka ohorezko kide kofradiaren 35. kapituluan izendatu dituzte ohorezko kide. Aurtengo topaketara 25 kofradia etorri dira, sekula baino gehiago: Euskal Herriaren Ipar zein Hegoaldetik etorri dira elkarteak, bai eta Kordobatik, Errioxatik, Galiziatik…