Musaren katedrala prest larunbatean jokatuko den txapelketarako
Ordiziako Argi-Berri Elkartean 43. mus txapelketa azkarra jokatuko dute. Bikote irabazleak 2.000 euro jasoko ditu, eta txapeldun ordeek 1.000 euro
Musaren katedralean guztia prest dute aurtengo txapelketa hartzeko, Ordiziako Argi-Berri elkarteak urtero antolatzen duen mus txapelketa azkarra asteburuan, larunbatarekin batera jokatuko baitute. Goierri eskualdeaz harago, Euskal Herri osoan ere ezaguna da txapelketa. Sari handiak banatzen dituzte, eta horrek erakarrita, muslari askok parte hartu ohi du. Aurtengo hitzordua, esandakoaren haritik, larunbatean, hilaren 8an izango da, 16:30ean hasita.
Hego Euskal Herriko lau herrialdeetako muslariak espero dituzte Ordiziako Argi-berri elkartean, beste behin ere. Iaz, 136 bikotek parte hartu zuten: Gipuzkoakoak 119 bikote (horietatik 70 Goierrikoak), Nafarroakoak 12, Bizkaikoak 4 eta Arabakoa bikote bat. Herrika, bikote gehien Ordiziakoak bertakoak izan ziren (24), ondoren Lazkaokoak (11) eta Beasaingoak (10). Nafarroako Sakanako herrietatik ere 10 bikotek eman zuten izena.
Argi-Berrikoa, 4 erregetara, 6 hamarrekora eta 3 ustelera jokatuko dute. Bikote bakoitzak 50 euro ordaindu beharko ditu izena ematerakoan eta egunean bertan, txapelketaren aurretik egin ahalko da.
Sari handiak
Txapelketako lehen lau sailkatuek, diru saria jasoko dute. Irabazleek 2.000 euro eta txapelak eramango dituzte, eta txapeldunordeek 1.000 euro. Iaz sarien kopuruak igo zituzten. Aurretik, 1.500 eurokoa zen sari nagusia, eta bigarrenek 800 euro jasotzen zituzten. Bosgarren eta zortzigarren postuen artean gelditzen direnentzat ere izango dira sariak.
Horiez gain, elkarteko lehenengo bikotearentzat eta herriko lehen bikotearentzat, bina afari izango dira sariak.
Zaldibian eta Beasainen
Larunbatean Argi-Berrin jokatuko den mus txapelketaz gain, tradizio handia duten beste bi txapelketa gehiago ere jokatuko dira datozen asteetan Goierrin. Zaldibian, Zubi-Buru elkartean, otsailaren 22an, eta Beasaingo Arrano tabernan, martxoaren 14an jokatuko dira.