Santa Ageda bezpera eta inauteriak, batera
Seguran mozorrotuta egin zuten Santa Agedako kantu eskea. Beasaingo Kirol Elkarteak 100. urteurrena ospatu zuen. Pentsio duinak eskatu zituzten Goierriko 20 erakundek aldundian
2005eko otsailaren 5a zen. Idiazabalgo festetako azken asteburua ari ziren ospatzen gaurko egunez duela 15 urte. San Blas jaiak aparte, izan zen berezitasun bat bezperan, otsailaren 4ean: Santa Ageda bezpera eta inauteri ostirala ospatzen zebiltzan Goierriko hainbat herritan, egun berean izan zirelako. Seguran, mozorrotuta atera ziren kantari, bi ohiturak uztartuz; kantu eskean atera ziren, baina neskak mutilez eta mutilak neskez jantzita.
Idiazabalen, festa betean
San Blas 2005 festak azken txanpan sartuta zeuden jada gaur duela 15 urte. Atzo egin zuten moduan, duela 15 urte ere bertsolariak aritu ziren kantari Idiazabalgo plazan. Aurten Amets Arzallus eta Andoni Egaña izan dira; 2005ean, aldiz, Egañak berak eta Sebastian Lizasok girotu zuten bertso saioa.
Herriko festetako mozorro eguna zen. Inauteriekin bat eginez, helduen danborradan mozorrotuta atera ziren parte hartzaileak, eta ondoren mozorro txapelketako sari banaketa eta sardina erretzea egin zituzten, inauteriak ere behar bezala ospatzeko.
Kirol Elkarteak 100 urte
Beasaingo Kirol Elkarteak 100. urteurrena ospatu zuen duela 15 urte. Ospakizun horren barruan, hainbat ekintza antolatu zituzten otsailerako eta martxorako. Besteak beste, kirol elkarteko argazki erakusketa, Donostiako Orfeoiaren kontzertua elizan, Xabier Lete eta Karlos Gimenezen kontzertua edo Edurne Pasabanen eta Josune Bereziartuaren hitzaldiak antolatu zituzten.
Pentsio duinen aldarria
Pentsioen auzia puri-purian dago gaur ere, baina ez da bat-bateko egoera izan. Duela 15 urte alarguntza pentsio duinak eskatu zituzten Goierriko 20 erakundek, eta aldundiarekin elkartu ziren urratsak bideratzeko konpromisoa eskatzeko.
2004an emakume askok 411 euroko pentsioak jasotzen zituztela salatu zuten, eta erakundeek urgentziaz 535 eurotara igotzea eskatu zuten. Halere, azken helburua 691 euroko pentsioak eskuratzea zen.