Zegamako errepidean, Kortaberritik Ondaraldea industrialderainoko zatia hobetzeko proiektua onartu du aldundiak
1,3 kilometroko bide zatiko proiektu berriak, 3 metro zabaleko 2 erreiko plataforma eta alde bakoitzean 0,50 metroko bazterbidea aurreikusten ditu
Gipuzkoako Foru Aldundiko Diputatuen Kontseiluak onetsi du Seguratik Zegamara arteko GI-2637 errepidea Kortaberriako biribilgunetik Ondaraldea industrialderaino, hobetzeko proiektuaren kontratazio espedientea. Eider Mendoza foru eledunak proiektuak Zegamarentzat duen garrantzia nabarmendu du: “horrela bukatuko baitugu azpiegitura funtsezko bat udalerriaren orainerako eta gerorako”.
Ekimenaren oinarrizko lizitazio aurrekontua 1.668.092 euro da, eta exekuzio epea, berriz, 6 hilabete.
Mendozak gogoratu duenez, foru aldundiak, aurreko agintaldia, funtsezko hobekuntza batzuei ekin zien GI-2637 errepidean: errepidea hobetu zen Ondaraldea poligonotik Zegamako herrigunerainoko bide-tartean, eta plataforma berean, bizikleta eta oinezkoentzako bide bat egin zen. “Bigarren fase honetan, berriz, GI-2637 errepidea zabaltzeko gelditzen zaigun bide-tartea hobetuko dugu, Kortabarriaren eta poligonoaren artekoa, eta horrela burutuko dugu errepide hori hobetzeko prozesua”. Gainera zehaztu du, “bizikleta eta oinezkoentzako bidea dagoeneko eginda dagoela, plataforma bereiz batean”.
Proiektua
Bide-tartearen luzera, berriz, Kortaberriako biribilgunetik Ondaraldea poligonoraino, 1,3 kilometro da. Proiektu berriak 3 metro zabaleko 2 erreiko plataforma eta alde bakoitzean 0,50 metroko bazterbidea aurreikusten ditu, “bere geometria doituz egungo plataforma ia bere osotasunean erabiltzeko”. Mendozaren esanetan, Ondaraldea industrialderako sarbideak b”ere gaurko konfigurazioa mantenduko du, baina ibaiaren ondoko lotunean eskuinera biratuz sartzeko aukera gehitzen du, eta hala, galdara-lantegiaren aurretik igaro gabe sartu ahal izango da. Aitzitik, ez dira aldatuko Ondaraldea auzoa zeharkatzen duen ingurua eta Oria ibaiaren gaineko zubia”.