Rally gidari onenak saritu dituzte Lazkaon
Ruben Zabaleta zegamarrak eta Maialen Izagirre lazkaotarrak, eta Mikel eta Eneko Nazabal anaia zaldibiarrak saritu dituzte rallysprint modalitatean, eta Iban Altuna amezketar ordiziartua Lurgaineko rallyetan. Rallysprint denboraldia Gabirian hasiko da martxoaren 1ean, eta Goierri rallysprinta martxoaren 14an izango da.
Euskadiko Automobilismo Federazioak 2019ko gidari onenak saritu ditu gaur eguerdian Lazkaoko Arerian egin duen galan. Zortzi modalitatetan banatuta, banaka-banaka igo dira oholtzara pilotu eta kopilotu onenak.
Goierritarren artean, honakoak izango dira sariak jaso dituztenak: Rallysprinteko 1 Klasean Ruben Zabaleta zegamarra eta Maialen Izagirre lazkaotarra –ez dira sari banaketa ekitaldian izan–, modalitate bereko 4 Klasean Mikel eta Eneko Nazabal anaia zaldibiarrak, eta Lurgaineko 6 Klasean Iban Altuna –Ordizian bizi den amezketarra– eta Haritz Olasagasti haren kopilotu aiarra.
Omenaldietarako tartea egon da galan. Iazko ekainaren 29an Bizkaiko Balkoian jokatu zen rallyan istripuz hildako Julen Bilbao kopilotu gernikarra izan dute gogoan, eta Lazkaon izan dira haren alarguna eta alaba, eta baita harekin rallyetan parte hartzen zuten lagunak ere. Angel Gurrutxaga federazioko presidenteak oroigarri bana eman die.
Goierritarrak gustura egindakoarekin
Altuna iazko denboraldian hasi zen Lurgaineko rallyetan gidatzen, Olasagasti aurrez ibilia zen: “Buggy berezi bat erosi genuen, eta horrekin hasi ginen pixka bat probatzen, eta denboraldi nahiko polita egingo dugula iruditzen zait. Aurrenekoa ez beste karrera denak bukatu ditugu, eta hortxe ibili gara beti ohorezko postuengatik borrokatuz. Urte bukaeran nahiko fuerte ibili gara, eta gustura egindako urtearekin”. Aurtengoan ere elkarrekin ariko dira Lurgaineko rallyetan, batik bat Nafarroa, Errioxa eta Gaztela aldeko probetan. Datorren astean egingo duten lehen probaldia hainbat moldaketa egin dizkioten autoarekin.
Nazabal anaiek ere “uste baino hobeto” osatu zuten iazko denboraldia: “Gure helburua ez zen ezer irabaztea, baizik eta ondo pasatzea, eta irabazita oraindik eta gusturago”, adierazi du Mikel anaia zaharrenak. Ildo beretik hitz egin du anaia gazteak: “Gozatzea zen helburua, eta saria irabazteak ilusio berezia egiten du”. Autoarekin ondo moldatu dira denboraldian zehar, “juxtuko errebisioak eginez eta arazorik gabe”. Gabirian hasiko dute denboraldia martxoaren 1ean, eta hortik aurrera, egutegiak baimentzen dien proba guztietan parte hartzeko asmoa dute. Autoari aldaketa batzuk egin dizkiote, eta “probatzera” aterako dira aurreneko rallyetan, eta berriz ere halako sari bat jasotzea suertatzen bazaie “gustura” hartuko dutela nabarmendu dute.
Egutegiko lehen bi probak Goierrin
Rallysprint modalitateko lehen bi probak Goierriko errepideetan jokatuko dira. Aurrenekoa Gabirian izango da martxoaren 1ean izango da, eta hurrengoa Goierri rallysprinta izango da martxoaren 14an izango da, Lazkao, Zaldibia eta Gaintza lotuz.
2019ko sarituen zerrenda