Gizonezko bat atxilotu dute Urretxun labana batekin taberna bateko arduraduna erasotzeagatik
21 urteko gizon batek Urretxuko taberna bateko arduraduna erasotu zuen atzo, arratsaldeko 15:10etan. Tabernako arduradunak azaldu duenez, 21 urteko gazteak ostikoa jo zion lanean zegoen zerbitzari bati. Hori dela eta, tabernatik irteteko eskatu zioten. Erasotzaileak uko egiteaz gain, labana batez mehatxatu zuen tabernako arduraduna, belarrian ebaki bat eginez. Biktimak deitu zuen Ertzaintzara. Tabernako jabeak egindako deskribapenari esker, Ertzaintzak erasotzailea atxilotu zuen, labana gainean zuela.