Goilurrak rallyaren bigarren eguna ere abian
Gaur goizeko 09:00etan hasi da aurtengo Goilurrak Rallyari amaiera emango dion erlojupekoa. Mutiloan ekin diote koronabirusaren egoeragatik ekainetik atzeratutako auto lasterketaren etapari, eta honen ostean Gabiria eta Zerain artean ere lehiatuko dira 13:00a bitartean. Zeraingo zatia berezia da aurten, power stage izendatu baitute eta Euskal Rally txapelketarako puntu gehigarriak ere banatuko dituzte Barbarin.
Hasiera batean izena 44 taldek eman zuten arren, hainbat erretiratu egon ziren atzoko proban eta gaur goizeko lehen tandan 38 auto lehiatu dira, zeinetan 34 soilik iritsi diren helmugara.
13:00etan amaituko den erlojupeko honen denborak online jarraitu ahal izateko webgune bat erraztu dute, eta lasterketa streaming bidez ikusteko Goierri Telebistaren eta Erlo telebistaren webguneak erabiliko dituzte.
COVID-19aren protokoloa
Bide bazterretan jarri diren ikusleek COVID-19aren protokoloa betetzeko beharrezkoak diren neurriak hartu dituzte, maskara jarrita eta segurtasun-tartea utzita.













