Leire Artolak Beasaingo aginte makila hartu du
Beasaingo lehen emakumezko alkatea da. Oposizioari elkarlanerako eskua luzatu dio. Alderdikideekin, familiarekin eta Aldasororentzat esker oneko agertu da
Leire Artola Ugalde Beasaingo alkatea da herenegun iluntzetik. Aldeko hamar boto jaso zituen eta beste zazpi bozkak zurian izan ziren. EH Bilduko Nerea Manzisidorrek bere burua ere aurkeztu zuen alkatea hautatzeko bozketara hasiera batean, baina hautagaitza kendu egin zuen azkenean eta Artolarena izan zen proposamen bakarra. Jasotako babesa eskertu, eta udalbatzak txalo artean agurtu zuten.
Aginte makila eskuz aldatu arren proiektuak bera izaten jarraitzen duela azpimarratu zuen: «Ez da aldaketa, jarraipena baizik», esan zuen karguari zin egin ostean emandako hitzaldian. «Proiektu hau 2011n hasi zen eta herriko eragileen eta elkarteen laguntzarekin egin du bere bidea. Baina erronkak ditugu oraindik betetzeko».
Oposizioari mintzatu zatzaion ondoren, lankidetzarako prestutasuna adierazteko. Herritarrei ere hurbilekoa izango dela aurreratu zien: «Udalean bost urte daramatzat eta beti saiatu naiz herritarrengandik gertu egoten. Hemendik aurrera ere herritarrek behar nautenerako eta behar nautenean hemen edukiko naute».
EAJko kideentzat, udal gobernuko kideentzat, Aitor Aldasororentzat eta etxekoentzat esker oneko hitzak izan zituen. «Eskerrak eman nahiko nizkioke alderdiari, Aitorrek Legebiltzarrerako bidea hartu zuenean emandako konfiantzagatik; eskerrak, gure taldeari, proiektu hau taldean oinarrituta dagoelako. Talderik gabe hau ezingo litzateke aurrera eraman. Bakoitzak bere eginkizunekin denak gara ezinbestekoak proiektu honetan; eskerrak, familiari, senideei eta etxekoei, nola ez. Azken finean, nire udal eginkizunetan pasatzen ditudan orduetan ez nagoelako etxean; eta eskerrak, Aitorri. Bost urte luzez elkarrekin lanean egon gara, goiz-goizetik hasi eta gaueraino. Momentu eta egitasmo asko partekatzeko aukera izan dugu. Berarengandik jasotako guzti horretatik ere asko ikasi dudalako, eskerrik asko». Alkate berriak aita ere gogoan izan zuen, duela hilabete batzuk zendu zena. «Txikitatik, etxeko sukaldean, politikaz berarekin eta berarengatik jardun dugu. Bera ere gogora ekarri nahi dut».
Artolaren senitarteko hurbilenak bertatik bertara jarritu zuten bere kargu hartzea. Tartean, Joseba Egibar, alkatearen lehengusua eta Gipuzkoa Buru Batzarreko burua. Beasaingo EAJko hainbat kide ere bertan izan ziren. Ohi baino kazetari gehiago ere izan zen. Denen artean txiki gelditu zen udaletxeko areto nagusia eta batzuk alboko korridoreetatik jarraitu behar izan zuten osoko bilkura.
Lehen alkate emakumea
Frankismo osteko bederatzigarren alkatea da Artola, emakumezko lehena. «Hala tokatu da», esan zuen. Baina ohore bat ere badela gaineratu zuen. «Zorionez, ez naiz azkena izango», borobildu zuen. «Niri orain tokatzen zaidana da lanarekin erronka berri honi erantzukizunez erantzutea». Lanerako garaian bere ukitua emango diola udalari ez du baztertu, «normala den bezala». Berdintasunerako bidean urratsa eman dela esan zuen arren, asko dagoela egiteko nabarmendu zuen.