Beasainen ere pantaila handia jarriko du udalak Realaren partida ikusteko
Bideluze plazan jarriko dute pantaila, eta euria egingo balu Gernika pasealekuko frontoi txikian. Ezkiagan ere izango da ikusgai.
Leire Artola Beasaingo alkatea eta Kepa Lasa Beasain KE-ko presidentea, Loinatz futbol zelaian, Realaren banderarekin.Laida Goiburu Beasaingo Udalak pantaila handia jarriko du larunbatean Realaren eta Atletico de Madriden arteko Espainiako Errege Kopako finala ikusteko. Leire Artola Beasaingo alkatea eta Kepa Lasa Beasain Kirol Elkarteko presidentea Loinatz futbol zelaian elkartu dira ekimenaren inguruko xehetasunak emateko.
Aste honetan hartutako erabakia izan den arren, alkateak azpimarratu du udalarentzat “ahaleginak merezi duela”. Erabakia “herri kohesioari” erantzuten diola azaldu du: “Hainbat herritarrek egindako eskaerari eta herrian sumatzen den ilusioari erantzun nahi izan diogu. Realak Gipuzkoan eta, bereziki, Beasainen duen erroa ukaezina da. Pantaila hau jartzea ez da soilik futbol partida bat ikusteko gune bat eskaintzea; beasaindarrak elkartzeko, emozioak partekatzeko eta gure nortasuna kolektiboki indartzeko espazio bat sortzea da”.
Lehen taldean ari diren Aritz Elustondo eta Beñat Turrientes beasaindarrak “gazteentzako ispilu” direla nabarmendu du: “Haiek La Cartujan egotea Beasain osoa han egotea bezala da”.
Partida 21:00etan hasiko da. Pantaila Bideluze plazan jarriko dute, eta euria egingo balu Gernika pasealekuko frontoi txikian. Udalak eta Beasain KE-k dei egin dute hitzordua “gizalegez, errespetuz eta era positiboan” gozatzeko.
Ezkiagan ere izango da ikusgai
Ezkiaga auzoko bizilagunen elkarteak jakitera eman duenez, pantaila bat jarriko dute Ezkiagako frontoian. “Ezkiagako frontoia benetako estadio bihurtuko dugu. Pantaila bat prestatuko dugu partida proiektagailuarekin tamaina itzelean ikusteko, denok elkarrekin giro ezin hobean”, azaldu du elkarteak. Edariak euro batean izango dituzte salgai.













