Legazpiko haurren pilota txapelketako finalerdiak, larunbatean Urbeltzen
Azken txanpan sartu da maiatzaren 1ean, Santikutz jaien barruan amaituko den torneoa. Jaiei begira, familia bazkarirako eta Mirandaola eguneko bazkarirako txartelak salgai daude. Danborradetarako entseguak ere hasita daude.
Iazko finaletara iritsi ziren pilotari gaztetxoak.Legazpiko Udala Maiatzeko Santikutz jaiak gerturatzen ari dira Legazpin, eta geroz eta ugariagoak dira jai horien inguruko deialdiak. Helduen eta haur eta gaztetxoen pilota txapelketak erabakitzen ari dira pixkanaka, jaietan izango diren bazkarietarako txartelak jarri dituzte salgai, eta danborradetarako entseguak hasi dira.
Haurren pilota txapelketa
Legazpiko Gazteak Pilota Eskolak antolatu duen Herriarteko Haurren Pilota txapelketa finalerdietara iritsi da. Finalak maiatzaren 1ean jokatuko dira, eta larunbat honetan erabakiko dira nortzuk iritsiko diren azken partida horietara. Finalerdietara iritsi diren kategoria desberdinetako 40 pilotariek 15:40ean dute hitzordua Urbeltzen.

Familia bazkaria eta Mirandaolako bazkaria
Aurten maiatzaren 2an, larunbatarekin egingo da jaietako familia bazkaria, 14:00etan. Ohi bezala norberak eraman ahal izango du bazkaltzekoa, baina bertan ere izango da jatekorik Lekanazpi elkarteak prestatuta: haragi edo barazki paella. Txartelak salgai daude 6 euroan hilaren 24ra arte.
Mirandaola eguna, berriz, maiatzaren 10ean ospatuko da, eta herri bazkarirako kalderetea euskal untxiarekin prestatu dute Lekanazpiko kideek, postrea udalaren kontu izanik. Edaria, berriz, Mirandaola tabernan erosi ahal izango da, edo norberak eraman. Bazkari honetarako txartela 7 euroan dago salgai, eta erosteko azken eguna maiatzak 6a izango da.
Bi bazkarietarako txartelak Gurrutxaga, Karibe Zaharra eta Maiatza tabernetan daude salgai.
Danborradetarako entseguak
Maiatzaren 1eko haurren eta gaztetxoen danborradarako eta maiatzaren 2ko gaueko herri danborradarako entseguak ere hasita daude.
Herri danborradakoak apirilaren 17an, 21ean eta 24an izango dira, 20:00etan, Haztegi Ikastolako pilotalekuan.
Haurren eta gazteen danborradakoak apirilaren 16an, 20an eta 22an izango dira, 18:30ean, leku berean.
Entsegu orokorrak Legazpi Musika Bandarekin Trapalata txarangarekin egingo dituzten, apirilaren 28an, asteartea, 20:00etan, gaztetxoena, eta 21:00etan helduena, Olamendi eskolako kantxan.













